Matxus Perugorria Berako ikerlaria gibeleko minbiziaren kontrako lanean nabarmendu da

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 21a

Matxus Perugorria Montiel Berako ikerlaria, 2014an ateratako argazki batean, ikerketa lan bat egiten.

Doktore beratarrak zuzendu duen ikerketa lanak gibeleko minbizi primario erasokorrenetako baten itu terapeutiko berri bat identifikatu du eta Signal Transduction and Targeted Therapy aldizkari entzutetsuan argitaratu dute.

EHUko eta IIS Biogipuzkoako zenbait ikertzailek gidatutako nazioarteko ikerketa batean argitu dute MARCO deritzon errezeptorea itu terapeutiko izan daitekeela gibel barneko kolangiokartzinoma tratatzeko. Kolangiokartzinoma gibeleko minbiziaren forma erasokorrenetako bat da, baita pronostiko txarrena dutenetako bat ere. Hasierako fasean sintoma ez-espezifikoak dituenez, maiz minbizia aitzineratua dagoenean diagnostikatzen da, eta horrek zaildu egiten du tratamendua. Ikerlanaren autore nagusia Aloña Agirre Lizaso da, eta Berako Matxus Perugorria doktorea eta Jesús M. Bañales doktorea izan dira zuzendarikideak. Ikerlana Signal Transduction and Targeted Therapy aldizkarian argitaratu da.

Azken urteotan egindako zenbait ikerlanek agerian utzi dute nolako garrantzia duen tumore-mikroinguruneak kolangiokartzinomaren garapenean eta progresioan. Tumoreen % 60k baino gehiagok T linfozito zitotoxiko gutxi dute, eta zelula horiek arduratzen dira, batez ere, minbizi-zelulak suntsitzeaz. Hori dela eta, erantzun immunitarioa ez da gai tumoreari eraginkortasunez aurre egiteko.

Testuinguru horretan, ikerlanak MARCO errezeptorea identifikatu du elementu giltzarri gisa ingurune protumoralaren erregulazioan. Ikertaldeak frogatu du MARCO errezeptorea tumorearekin erlazionatutako makrofago azpimota espezifiko batean espresatzen dela. Makrofago horiek tumorearen aurkako erantzuna moteltzen dute, eta, ondorioz, minbizia bera eta tumorearen ondoriozko fibrosia handitzen dute.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun