Sunbillako Ulibeltzak Elkarteak batzar irekia eginen du uztailaren 24an

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 21a

Hainbat ekitaldi antolatu ditu Sunbillako Ulibeltzak elkarteak 57 urteko ibilbidean.

Inauteak, aste kulturala, otorduak, mus txapelketak, kirol hitzorduak, ateraldiak, bestak... Herrian egiten diren hainbertze ekitaldiren gibelean dago Sunbillako Ulibeltzak Elkartea. Hala izan da 1969an gazte kuadrilla batek elkartea sortu zutenetik. 57 urteko ibilbidearen ondotik, osasuntsu segitzen du eta elkartea osatzen duten 250 bat bazkide dira horren seinale. Hain zuzen, bazkide horiei guziei dei egin diete uztailaren 24an, ortziralean 19:00etan eginen den batzarrera.

Junta aurkezteaz gain, bestetarako behar diren boluntarioez eta bazkide izateko izan diren eskaerez ariko dira

Bertzeak bertze, bestetako ekitaldietarako behar diren boluntarioen inguruan ariko dira solasean, eta bazkide egiteko izan diren eskaerak ere hartuko dituzte hizpide. Horrez gain, egun horretan aurkeztuko dute martxoan berritu zuten juntaren erdia. Gaur egun, lehendakaria Gorka Antuña Zelaieta da; lehendakariordea Asier Antuña Zelaieta; idazkaria Maider Petrirena Gorosterrazu; diruzaina, Bixente Ibarra Ibarra eta bokalak Maialen Arretxea Otxandorena, Lourdes Indakoetxea Bazterrika, Edurne Urroz Agesta eta Iker Urroz Iribarren.

Martxoan sartutakoak Maialen, Iker, Lourdes eta Bixente izan ziren. Bakoitzak bi urte egiten ditu juntan, eta aldiro juntaren erdia berritzen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun