Igandean Plentzian jokatutako partidan 22-19 irabazi zieten Arraizari eta Gaminderi
Lehia estua suertatu zen, markagailuan etengabeko gorabeherak eta berdinketa ugarirekin (bina, seina, zortzina, hamabina, hamahiruna eta hemezortzina). Azkenean, Amaia Aldaik eskuetatik justu samar bukatu zuen arren, bizkaitarrak eta sunbildarrak eskuratu zuten puntu preziatua. Hori bai, kantxan azken izerdi tanta ere utzi behar izan zuten.
Plentziako partidaren gako nagusietako bat Enara Gaminde izan zen. Izan ere, bikotearen pisua bizkarrean eramateko ahaleginean, agian gehiegi prezipitatu zen eta, ondorioz, ohi baino akats gehiago egin zituen.
Aitzinean, eskuetako arazoak izan zituen arren, Aldai eraginkor aritu zen, batez ere sakearekin, eta jokaldi horrekin, luze ateraz, min egin zien aurkariei. Nahia Bertiz sunbildarrak ere ederki lagundu zion, Enara Gaminderi eusteko gai izan zen, edonoren esku ez dagoen zerbait.
Miriam Arraizak ez zuen bere arratsalderik onena izan Plentzian, eta horrek, Gaminderen ez ohiko akatsekin batera, Aldairen eta Bertizen aldera desorekatu zuen partida.