Behar dituzten dirulaguntzak lortuz gero, tokiko artoari eskainitako museoa sortuko dute. Horixe da intentzioa, tokiko artoa Baztan-Bidasoko nekazaritza, kultura eta elikadura ondarea dela aitortzeko. Museo hori Zubietan egin nahi dute, gaur egun errota-ekomuseoko lehenbiziko solairuan dagoen dendaren espazioa egokituta.
Aipatu bezala, museo horren helburu nagusia bertako artoari balioa ematea izanen da. Baina ez hori bakarrik. Tokiko artoaren gaur egungo eta etorkizuneko garrantzia ere transmititu nahi dute. Horrekin batera, egungo denda berrantolatuta, «tokiko produktuen ikusgarritasuna eta balioa indartzea» dute helburu, eta «tokiko haziak kontserbatzeko eta etiketatzeko oinarrizko sistema baten hasierako proposamena ere» esku artean dute.
Proiektuaren atzean hainbat eragile bildu dira: Zubietako Udala, Zubietako errota-ekomuseoko dinamizatzailea, Bidasoko elikadura dinamizatzailea, Cederna Garalurrek Bortzirietan, Malerrekan eta Bertizaranan duen ordezkaria eta tokiko arto barietateak lantzen segitzen duten herritar taldea.
Dirulaguntzen esperoan
Museoa martxan paratzeko, 21.480 euroko (gehi BEZa) aurrekontua paratu dute mahai gainean. Eta dagoeneko hasiak dira horretarako dirulaguntzak biltzen. Berriki, Zubietako Udalak 10.000 euroko dirulaguntza lortu du Nafarroako Gobernuak museoetan eta bilduma museografiko iraunkorretan inbertsioak egiteko dirulaguntza deialdian. Ernesto Dominguez Zubietako alkateak TTIPI-TTAPAari aipatu dionez, beste dirulaguntza deialdi baten erantzunaren esperoan daude orain: «Nafarroa Ezagutu Sarearena, hain zuzen ere. Bigarren laguntza hori lortuz gero, proiektua azarorako egin beharko genuke»