«Bestak hasten direnetik akitu arte, ahalik eta ekitaldi gehienetan parte hartzen saiatzen naiz»

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 14a

Enara Ariztegi Bereau.

Enara ARIZTEGI BEREAU, Iturengo gaztea.

Iturengo neska alaia eta bizia da Enara Ariztegi Bereau, «lagunekin egotea eta herriko giroaz gozatzea gustatzen zaiona». Saltsera fama du herrian eta irriz aitortu du ingurukoei hori errateko arrazoirik ez zaiela falta: «Jendearekin egotea eta haiei zirikatzea gustatzen zait, beti zerbait egiteko prest egoten naiz eta giro ona sortzea maite dut».

Bestazalea ere badela aitortu du: «Lagunekin elkartzeko aitzakia polita da eta giro berezi hori bizitzea gustatzen zait». Eta besten artean batzuk aukeratzeko eskatuta, Iturengo bestak goraipatu ditu. Ahalik eta gehien zukutzen ditu egun horiek: «Bestak hasten direnetik akitu arte ahalik eta ekitaldi gehienetan parte hartzen saiatzen naiz. Egunez herriko giroaz gozatzen dut, eta gauez lagunekin ateratzen naiz musika eta dantza artean ongi pasatzera».

Txikitasunean handi

Herri txikia da Ituren eta Ariztegiren ustez txikitasun horixe da bertako besten bereizgarria:«Sortzen den familia giro goxoa eta hurbilekoa da besten bereizgarria. Denok ezagutzen dugu elkar eta horrek bestak berezi egiten ditu». Gainera, azpimarratu du herri txikia izateak ez duela erran nahi aukerarik izaten ez denik: «Ekitaldi aunitz izaten dira: kirol jarduerak, haurrendako ekintzak, musika, dantzak... denok gustuko zerbait aurkitzeko eta gozatzeko aukera izaten dugu».

Kirol eta dantza zalea izanik, pare bat ekitaldi nabarmendu ditu: «Kirol jardueretako bat frontenis txapelketa izaten da eta urtero parte hartu izan dut. Aurten ez, gazteagoei txanda eman behar baitzaie». Dantza taldeko kidea ere bada, eta igandean izanen dute ikasturtean zehar ikasitakoa erakusteko aukera: «ilusioz eta mimoz prestatzen dugu herritarren aitzinean  eskaintzen dugun emanaldia».

Mahaiaren bueltan ere gozatuko du: «Herri bazkaria da bestetako ekitaldi berezienetako bat. Adin guztietako jendea elkartzen da plazan, eta giro hagitz polita sortzen da». Bazkal ondoak ere izaten du xarma: «plaza bizi-bizirik egoten da eta ederra da horren parte izatea». 

Erromeria eta plazako giroa maite ditu, baina ez du bertzelakorik alde batera uzten: «Ostatuko martxa ere gustatzen zait, bestaz bertze modu batera gozatzeko aukera ematen duelako. Azkenean, une bakoitzak badu bere xarma». 

Eta biharamunean bestondorik bada, pasatzeko sekretua ere azaldu du: «Ur aunitz edatea, ahal den neurrian lo egitea eta hurrengo egunari umore onez aurre egitea!». Irribarre zabal bat ezpainetan baldin bada, errazagoa izaten baita edozeri aurre egitea. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun