San Fermin Erremonte Txapelketako txapelak Doneztebera eta Oizera ekarri dituzte

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 13a

Otxandorena eta Mitxeo lehen mailan eta Mikelarena eta Ilarregi promoziokoan, San Fermin erremonte torneoko txapeldun.

Euskal Jai Erremonte Fundazioak eta E•Remonte Iruña enpresak antolatutako San Fermin Erremonte Profesionaleko Txapelketa-Rural Kutxa Sari Nagusiko finalak jokatu zituzten uztailaren 10ean, ortziralean, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Txapelak Malerrekara etorri ziren, final nagusian Eloy Otxandorena eta David Mitxeo doneztebarrak nagusitu baitziren eta, promozio mailan, Mikel Mikelarena eta Xuban Ilarregi oiztarrak.

Giro ederra izan zen Labrit pilotalekuan.

Promozio mailako finalarekin hasi zen ortziraleko jaialdia eta Mikel Mikelarena eta Xuban Ilarregi oiztarrek 35-31 irabazi zieten Osesi eta Agirrezabalari. Oizko bikotea erregularrago izan zen eta hasiera berdindua izan bazen ere, gehienetan aitzinetik izan ziren. Hamalaunakoa izan zen azken berdinketa eta sei tanto segidan eginez hautsi zuten partida Mikelarenak eta Ilarregik (20-14). Lauzpabortz tantoko aldeari eutsi zioten ia partida osoan, baina Oses eta Agirrezabalak tanto bakarrera hurbiltzea lortu zuten (30-31). Azkenean, ordea, Mikelarena eta Ilarregi nagusi (35-31). Mikelarenak 14 tanto egin zituen eta Ilarregik 7.

Mitxeo errebotea eramaten eta Ion makurtua, final nagusian.


Segidan, lehen mailako finala jokatu zuten Eloi Otxandorena eta David Mitxeo doneztebarrek, Matxin III.a eta Ion azpeitiarren kontra. Partida bikaina eskaini zuten lau erremontistek, txapelketa borobiltzeko ezin hobea, Labrit bete zuten pilotazaleen gozamenerako. Arras berdindua eta lehiatua joan zen partida osoa. Doneztebarrek lau tantoko aldea lortu zuten (11-7), baina hamabina berdindu zuten azpeitiarrek. Segidan, Matxinek eta Ionek lortu zuten bortz tantoko aldea (14-19), baita sei tantokoa ere (18-24), eta beteranoak nagusitzen ari zirela zirudien, baina hogeita launa berdintzea lortu zuten Otxandorenak eta Mitxeok, baita 27-25 aitzinetik jartzea ere. Hogeita hamarnako berdinketaren ondotik, bi tantoko aldea hartu zuten azpeitiarrek (30-32), baina azken txanpan hobeki aritu ziren Otxandorena eta Mitxeo, txapela janzteko (35-33). Otxandorenak 17 tanto egin zituen eta Mitxeok 7, horietako bi sakearekin. Matxinek ere 14 tanto egin zituen eta Ionek 8.

Otxandorena pilota astintzen eta Matxin III.a begira. Doneztebeko aurrelariak 17 tanto egin zituen eta Azpeitikoak 14, final ederrean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun