«Herrian bizitzea eta hemen inguruan albaitari lan egitea da nire ametsa»

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 11

Ainara ESANDIA ALDAYA, Beintza-Labaiengo gaztea.

Nor dugu Ainara Esandia?

Albaitaritza ikaslea, animaliak eta natura asko maite dituen gaztea eta edozein plan egiteko beti prest dagoena.

Zein dira zure afizioak?

Nire afizio nagusia zaldiz ibiltzea da. Ttikitatik egon naiz zaldien munduarekin lotuta, eta doma klasikoan lehian aritua naiz. Gaur egun, ordea, afizioa da, batez ere, paseoak eman eta lagunartean ibiltzeko. Motorraren mundua ere gustuko dut, eta azkenaldian, rally batzuetan kopilotu ibili naiz.

Zergatik albaitari ikasketak?

Animaliak betitik gustatu izan zaizkit, baina Albaitaritza ikastea gerora erabaki nuen. Zientzietako Batxilergoa egin ondotik, Abeltzaintza eta Abereen Osasunerako Laguntza goi mailako zikloa ikasi nuen, eta praktiketan animaliekin eta albaitaritzan zuzenean lan egiteko aukera izan nuen. Horri esker ohartu nintzen hori zela nahi nuena, eta horregatik erabaki nuen Albaitaritza ikastea. Animalienganako zaletasuna, berriz, ttikitatik heldu zait. Beti egon naiz animaliez inguratua, baina bereziki zaldiek leku garrantzitsua izan dute nire bizitzan.

Ikasturtean, ze martxa izan duzu?

Astez, albaitaritza ikasten ibili naiz Zaragozako Unibertsitatean eta asteburuetan, normalean, etxera, nahiz eta azterketa garaian Zaragozan gelditu ohi naizen ikasteko. Horrez gain, AVEQUZ Zaragozako Unibertsitateko Zaldi Albaitarien Elkarteko zuzendaritzan nago eta hor hitzaldiak, tailerrak eta zaldien munduarekin lotutako hainbat jarduera antolatzen ditugu. Ikasketak eta zaletasunak banatzen saiatzen naiz; astez ikasi, eta asteburuetan lagunekin egon, animaliekin denbora pasatu eta naturaz gozatu.

Uda honetan ze martxa duzu?

Udak, normalean, albaitaritzan praktikak edota lan egiteko probesten ditut. Azken bost udatan Doneztebeko C.T.V. Juan Ramon Ostiz albaitaritza klinikan aritu naiz laguntzaile. Joan den urtean, ordea, albaitaritza praktikak egiten hasi nintzen Zamalbide klinikan eta GureVetn, Teresa Etxarrirekin. Aurten, Doneztebeko Lanbro klinikan ari naiz praktikak egiten Naia Mitxelenarekin.

Zaldiarekin nora joanen zinateke?

Hondartza batera, nire behorrarekin galopan ibiltzera. Orain arte ez dut horrelako aukerarik izan, beti mendian ibiltzera ohitua bainago.

Animalien konpainiaren onurak?

Animaliek zoriontasuna eta ongizatea ematen dituzte. Etxera ailegatu eta nola agurtzen zaituzten ikusteak ez du preziorik. Gainera, gure emozioak antzemateko gai dira; triste edo kezkatua gaudenean, beti aurkitzen dute gu hobekiago sentiarazteko modua. 

Besta egiteko toki eta egun bat?

Aukeratu beharko banu, Doneztebeko feriak aukeratuko nituzke. Betitik gustatu izan zaizkit; goiza animalia eta merkataritza ferian pasatu, bazkari eder bat egin, eta zuzenean besta egitera. 

Zer du Beintza-Labaienek beste herriek ez dutena?

Etxe sentimendua. Bertako lasaitasunak eta natura hurbil izateak berezi egiten dute.

Eta falta?

Ez dut uste deus falta zaionik. Ez ditu hiri baten zerbitzuak, baina nahiago dut kilometro batzuk egin, hemen dudan bizi kalitatea galdu baino. 

Amets bat?

Herrian bizi eta hemen inguruan albaitari lan egitea. Niretako, arrakasta lanetik etxera bueltatu eta nahi dudan tokian nagoela sentitzea da. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun