Garmendi Razing Erreka Team bizikleta taldea aurkeztu du Doneztebeko Erreka Kirol Elkarteak

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 7a

Taldeko lau kideak: Joanes Gorriz, Peyo Lapeire, Haritz Perurena eta Asier Biurrarena. Argazkia: Erreka Kirol Elkartea.

Cross Country maratoi kategorian arituko dira eta lau gizonezkok osatzen dute taldea: Joanes Gorriz eta Peyo Lapeire luzaidarrek, Haritz Perurena elizondoarrak eta Asier Biurrarena lesakarrak.

Urte berriari ongi etorria ematearekin batera Garmendi Razing Erreka Team bizikleta taldea sortu zuen Erreka Kirol Elkarteak Donezteben. Bide batez, Iñigo Ezkurrak eta Juanan Rosadok bultzatuta, eta Garmendi TX bizikleta dendarekin elkarlanean aitzinera ateratako proiektua da, gehienbat, Cross Country maratoi kategorian zentratuko dena. Erreka Kirol Elkartearen hitzetan, «eskualdean txirrindularitza sustatzeko, inguruko talentuak babesteko eta komunitate sendoa saretzeko» helburuarekin sortua dena.

Momentuz lau dira taldeko partaideak: Luzaideko Joanes Gorriz eta Peyo Lapeire, Elizondoko Haritz Perurena eta Lesakako Asier Biurrarena. Gainera, txapelketetan parte hartzen hasiak dira eta nabarmentzekoak dira Joanes Gorriz luzaidarrak etxera ekarritako zenbait garaikur, erraterako; Bardeak Extrem, Larrate BTT, Astobizkar BTT eta Nafarroako XCM Master 30 txapelketetan izan da garaile.

Lortutako emaitzekin «kontent» agertu dira eta taldeak martxan segituko duela ziurtatu dute, bidenabar, indartzen segitzeko asmoa ere erakutsi dute. Horrez gain, Erreka Kirol Elkartearen parte izanik, bazkideek abantailak izanen dituztela aitzindu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun