«Gure gibeletik heldu diren neskendako eredu izan gaitezke»

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 5a

Marina Zabala Sarasola Errekako jokalaria.

Marina ZABALA SARASOLA Errekako eskubaloi jokalaria

Erreka eskubaloi taldearekin ligako eta kopako txapeldun izan da eta bere kategorian Nafarroako eskubaloi jokalari hoberena izendatu dute.

Badira bizitzan zirt edo zart hartu beharreko erabakiak. Ireki edo itxi beharreko ateak. Hamabi bat urte zituen Marina Zabala Sarasolak eskubaloiaren aldeko apustua egitea erabaki zuenean. Aurten lortutako emaitzak ikusita, bide zuzena hartu zuela erran daiteke. Erreka eskubaloi taldearekin ligako eta kopako txapeldun izan da eta bere kategorian Nafarroako eskubaloi jokalari hoberena izendatu dute.

Orain ezti mamitan egon arren, bidean izan du bertzelakorik ere: «Lesioekin zorte arrunt txarra izan dut, baina zailtasun horietatik ikasiz eta gogor lan eginda aitzinera egitea lortu dut». Argi du zein den bidea: «talde lana, konstantzia eta konfiantza».

Noiz hasi zinen eskubaloian jokatzen?

Txikitatik aritu izan naiz eskubaloian. Etxekoek arrunt hurbiletik bizi izan dute kirol hau eta beraiengandik heldu zait afizioa. Zortzi bat urterekin hasi nintzen lagunekin jolasten eta kantxara jokatzera atera nintzen lehenbiziko momentutik argi izan nuen gustuko nuela. Geroztik, eskubaloia nire bizitzaren parte garrantzitsua izan da.

Gogoan dituzu lehenbiziko urteak?

Erreka eskubaloi taldean hasi nuen nire ibilbidea, talde mistoetan jokatzen. Bizpahiru bat urtez futbolean eta eskubaloian, bietan, aritu nintzen. Halako batean bietako bat aukeratu behar izan nuen momentua ailegatu zen eta eskubaloian aritzeko apustua egin nuen. Ez zen erraza izan, baina arrunt pozik nago hartutako erabakiarekin. 

Ez duzu beti izan etxean jokatzeko aukera. 

Errekako talde mistotik kadete mailako nesken taldera pasa nintzen, baina 2021ean Errekan ez zen gazteen mailako talderik osatzea lortu. Baztanera joan nintzen jokatzera eta bi denboraldi egin nituen han. Bertan aunitz ikasi eta jende berria ezagutzeko aukera izan nuen. 2022an Errekako senior taldea ateratzea lortu genuen eta geroztik, Errekan ari naiz. Lehenbiziko urtea nahiko gogorra izan zen talde berria ginelako, baina pixkanaka hobetzea lortu genuen. Urtez urte hobekuntza nabarmena izan dugu, batez ere azken urteetan, eta horrek lanean eta borrokan segitzeko indarra ematen digu.

Zure kirol ibilbidean une gogorrak bizi izan dituzu. 

2019ko azaroan lehenbiziko aldiz belauneko lotailu gurutzatua hautsi nuen eta urte arrunt gogorra izan zen. Kirolari batek izan dezakeen lesio larrienetakoa da eta errekuperazioa arrunt luzea eta gogorra izaten da. 2020ko urtarrilean egin zidaten ebakuntza eta bi hilabete pasa ondotik, berriz ere ospitalean nintzen. Odolean bakteria bat nuen eta, minez, ez nintzen mugitzeko gai. Astebete egon nintzen ingresatuta eta horrek errekuperazioa gibeleratu zuen; pisu aunitz galdu nuen baita giharrak ere. 

Pixkanaka aitzinera egitea lortu zenuen.

Berriz ere jokatzeko gogo handia nuenez, indartu eta kantxara itzultzeko nire esku zegoen guztia egin nuen. Pazientzia eta esfortzua ezinbertzekoak izan ziren. Ez zen erraza izan, baina neure burua hobeki ezagutu eta nire indarguneak eta ahulguneak identifikatzeko aukera izan nuen. Horregatik, eskubaloi entrenamenduez gain, astero gimnasiora joaten hasi nintzen giharrak indartzeko eta berriz ere ez lesionatzeko. 

Saiatu arren, ez zenuen zortea aldeko izan.

2023ko azaroan bertze belauneko lotailu gurutzatua hautsi nuen. Momentu arrunt gogorra izan zen, banekielako zer zertorkidan. Denboraldiaurrean entrenatzen hasi eta abenduan itzuli nintzen partiduak jokatzera. Ez zen bide erraza izan, baina argi dut bideko oztopo horiek guztiek indartu nautela. 

Urte borobila izan da aurtengoa.

Ederra izan da lortu duguna. Ez genuen horrelakorik espero. Bagenekien talde ona genuela eta urte hauetan asko hobetu dugula, baina ez genekien noraino iristeko gai ginen. Gure helburua lehiatzea, talde bezala hobetzea eta lauko finala jokatzea zen. Taldeak bere buruarengan sinetsi du eta hori ezinbertzekoa izan da lortutako emaitzak eskuratzeko.

«Aurten lortutakoa urtetako lanaren eta ahaleginaren emaitza dela sentitzen dut»

Barrendik nola bizi izan duzu denboraldia?

Lehenbiziko itzulia oso ona izan zen, ia partidu guztiak irabazi genituen eta sailkapenean lehenbiziko postuan akitu genuen. Horrek konfiantza eman zigun eta ikusi genuen denboraldi polita egiteko aukera genuela. Bigarren bueltan partiduren bat galdu genuen, baina ligako sailkapenean bigarren postuan gelditu ginen. Lauko finalera iritsita, lehenbiziko helburua betetzea lortu genuen. 

Eta orduan jaso zenuten lanaren ordaina.

Azken momentura arte lehiatzea eta esperientziaz gozatzea zen gure helburua. Bi partida horiek irabazi genituen eta finala oso hunkigarria izan zen. Errekako senior neskek lehenbiziko aldiz irabazi dugu liga eta ondotik, kopako finala jokatu eta hori ere lehenbiziko aldiz irabazi genuen. Segidan, zilarrezko mailako igoera jokatu genuen Errenterian eta, partidarik irabaztea lortu ez bagenuen ere, gure onena emanda eta oso pozik akitu genuen denboraldia.

«Herritarren eta zaleen babesa sentitu dugu eta haiek ere gure garaipenen parte dira»

Errekaren 50.urteurrenean garaipen historikoak lortu dituzue.

Bai, oso berezia izan da. Errekaren 50. urteurrena borobila izan da, nesken eta mutilen taldeak emaitza bikainak lortu ditugulako. Udaletxean harrera egin ziguten eta arrunt polita izan zen. Bizitzan ez dira aunitzetan izaten horrelako momentuak bizitzeko aukerak. Herritarren eta zaleen babesa sentitu dugu denboraldi osoan eta bihotzez eskertu nahi diegu. Haiek ere garaipen hauen parte dira.

Tartean, Nafarroako eskubaloi jokalari hoberena izendatu zaituzte.

Oso pozik eta eskertuta nago. Sari hau urtetako lanaren eta ahaleginaren ordaina dela sentitzen dut. Bakarkako saria izan arren, azpimarratu nahi dut talde osoaren lana dagoela horren gibelean. Nire taldekideen eta entrenatzailearen laguntzarik gabe ezin izanen nukeen lortu. Familiari, lagunei eta zaleei ere eskerrak eman nahi dizkiet emandako babesagatik; partidu guztietan egon dira animatzen. Eta ebakuntza egindako medikuei eta fisioei ere eskerrak eman nahi nizkieke, haien lanari esker berriz ere eskubaloian jokatzeko aukera izan dudalako.

Zein da emaitza horietara iristeko bidea?

Eguneroko lana, konstantzia eta konfiantza. Helburuak lortzeko ezinbertzekoa da entrenamenduetan eta partiduetan ahalik eta gehien ematea, momentu zailei aurre egiten jakitea eta inoiz amore ez ematea. Horretaz gain, ingurukoen babesa eta talde lana ere arrunt garrantzitsuak izan dira niretzat. Aurtengo denboraldian entrenamenduekin arazoak izan ditugu, taldekide gehienok kanpoan ikasten dugulako. Asteartetan, zazpi jokalarik entrenatzen zuten eta ortziraletan baino ez genuen talde guztia elkartzeko aukera. Meritu handia izan dugu. Kontuan izan behar da bertze talde aunitzek astean bizpahiru aldiz elkarrekin entrenatzeko aukera izaten dutela.

Nola ikusten duzu eskubaloian emakumeen egoera. Dagokion garrantzia eta presentzia ematen zaiola uste duzu? 

Egoera geroz eta hobea dela uste dut. Gainera aurten irabazi izanak eta taldea ongi aritzeak jendea erakartzen duela uste dut. Jende gehiago etorri da gure partidak ikustera, baina oraindik badago zer hobetua. Batez ere, denboraldi bukaeran ikusi dugu piztu dela interesa eta ikusmina. Hedabideetan ere orduan izan du oihartzuna guk egindako lanak. Aurtengo denboraldiari esker, emakumeen presentzia indartu eta geroz eta jende gehiago erakarri dugula iruditzen zait. Gure gibeletik heldu diren neskendako eredu izan gaitezkeela uste dut, eskubaloian maila honetan jokatzeko aukera dugula erakutsiz.

Udan atsedenerako tartea izanen duzue?

Bai, beharrezkoa da. Denboraldia bukatu eta atseden hartzeko tartea izaten dugu. Gorputza eta burua errekuperatzeko. Hala ere, ez dugu kirola guztiz uzten; aktibo mantendu behar izaten dugu, hurrengo denboraldira baldintza onenetan iristeko. 

Noiz hasiko duzue denboraldia?

Irailaren 5ean Superkopako partidarekin hasiko dugu denboraldia. Ardoien aurka ariko gara eta irabaziz gero, hirugarren kopa bat lortuko genuke. Ez da denboraldia hasteko modu txarra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun