Ortziralean, 20:00etan hasi zituzten bestak Doneztebeko herrian; aurten, 70. urtemugaren harira, erraldoien konpartsako kideek bota zuten lehen suziria Herriko Etxeko balkoitik. Erraldoi, txaranga eta txistulari artean abiatu zuten kalejira herrian barna eta erraldoien bestak segida izan zuen biharamunean ere erraldoien topaketa bereziarekin. Erraldoi handi zein ttikien artean, denera 30 baino gehiagok bete zituzten herriko karrikak goizetik eguerdira bitarte. Kasurako, hortxe ibili ziren jira eta bira Bera, Etxalar, Igantzi, Sunbilla, Oronoz-Mugairi, Irurita, Elizondo, Leitza, Faltzes eta Doneztebeko konpartsak.
Kalejira, otordu, kontzertu eta gehiagoren artean igaro dute asteburua; larunbat gauean izan zuten Su eta Gar taldearen kontzertua eta eskolako zelaia jendez lepo ikusi ahal izan zuten bertaratu zirenek. Gaur, astelehena, azken bi egunei ekinen diete; 18.30ean aizkora apustua izanen dute Bear Zanan: Vicente, Larrañaga eta Txikia, eta Estefania Etxebeste harria altxatzen. Biharkoan, berriz, bazkari herrikoia eginen dute eta gauerdian agurtuko dituzte sanpedroak.