Xanti Uterga doneztebarrak eta Agirrezabalaren ordez aritu zen Ionek irabazi zuten larunbatean Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan jokatutako Udaberriko Erremonte Profesionaleko Txapelketako finala, Eloi Otxandorena doneztebarrari eta Barricarti 35-18 irabazi ondotik. Jaialdiko lehen partidan profesionaletan debuta egin zuen Zorion Zelaieta oiztarrak eta bi partiden artean, Erremonte Fundazioak eta Doneztebeko Udalak omenaldia eskaini zieten aurten ligako txapeldun izan diren Errekako eskubaloi taldeko gizasemeei eta emakumeei eta Doneztebe Futbol Taldeko talde nagusiari. Liga irabazteaz gain, Errekako gizonezkoek lehen maila nazionalera eta Doneztebe Futbol Taldeak hirugarren RFEF mailara igatea lortu dute, historian lehen aldiz biak.
Final nagusiari dagokionez, lehen tantoetan urdinak ibili ziren aitzinetik, baina hirunako berdinketaren ondotik, sei tanto segidan egin zituzten gorriek (9-3) eta hortik aitzinera beti nagusi izan ziren, urdinen hutsak aprobetxatuz. Hiru tantora hurbiltzea lortu zuten Otxandorenak eta Barricartek (12-9), baina 9-1eko partzialarekin lortu zuten hamaika tantoko lehen aldea gorriek (21-10). Partida hautsia zegoen eta hamabortz tantoko aldea ere izan zuten Utergak eta Ionek (26-11, 31-16…) eta azkenean, tanto alderik handiena izan zuten (35-18), txapela irabazteko.
Jaialdiko lehen partidako lau pilotariak Malerrekakoak izan ziren eta, tartean, Zorion Zelaieta oiztarraren debuta ikusteko modua izan zen. Xuban Ilarregi herritarrarekin egin zuen bikote eta ezin izan zuen garaipena lortu bere estreinako partidan, 26-30 galdu baitzuten, Koteto Ezkurra III.a doneztebarraren eta Markel Leatxe donamariarraren kontra.
Partida hau akitu eta final nagusia hasi aitzinetik, Erremonte Fundazioak eta Doneztebeko Udalak omenaldia eskaini zieten aurten ligako txapeldun izan diren Errekako eskubaloi taldeko gizasemeei eta emakumeei eta Doneztebe Futbol Taldeko talde nagusiari. Liga irabazteaz gain, Errekako gizonezkoek lehen maila nazionalera eta Doneztebe Futbol Taldeak hirugarren RFEF mailara igatea lortu dute, historian lehen aldiz biak.