Bestak 2026

Erraldoien topaketa eginen dute larunbatean Donezteben

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 26a

36 erraldoik parte hartuko dute Donezteben eginen duten topaketan.

Bera, Etxalar, Igantzi, Sunbilla, Oronoz-Mugairi, Irurita, Elizondo, Leitza, Falzes eta Doneztebeko konpartsak elkartuko dira: guztira, 36 erraldoi. Ekainaren 27an 10:30ean hasiko dute karrika buelta eta bazkalordura arte, herriko txoko guztiak alaituko dituzte.

Doneztebeko erraldoien konpartsak 70. urteurrena bete du aurten eta bestetako egitarauan ere tokia egin dute ospakizunerako. Erraldoien topaketa antolatu dute, hainbat konpartsei bertan parte hartzeko gonbidapena helaraziz. Eskualdeko bederatzi konpartsak parte hartuko dute: Bera, Etxalar, Igantzi, Sunbilla, Oronoz-Mugairi, Irurita, Elizondo, Leitza eta Doneztebek. Horiekin batera, Falzeseko konpartsa ere gonbidatu dutela azaldu dute antolatzaileek: «2023an Falceseko konpartsakoa den Gigantes Platerok zaharberritu zituen Peio ta Luzia erraldoiak eta horregatik luzatu diegu gonbidapena». Azken orduko aldaketarik ez bada, 36 erraldoi elkartuko dira: 24 haundi eta 12 ttiki. 

Bihar, hilak 27, goizeko bederatzi eta erdietarako herrian izanen dira guztiak. Doneztebeko eskolan eginen diete harrera konpartsei, erraldoiak deskargatu eta 10:00etarako prest egon behar dute. Ordu horretan hamaiketakoa izanen dute eskolako aterpean, udaletxeak prestatua.

Konpartsaren ibilbidea

Karrika buelta 10:30ean hasiko da. Eskolatik Zazpigurutzen barrena, Ameztia karrikaraino joanen dira eta han eskainiko dituzte lehenbiziko dantzak. Hortik Udaletxe atarira joan eta Bear Zana pilotalekura joanen dira eta konpartsa guztiek Polonesa dantzatuko dute. Segidan, eliz atarira joanen dira Karrika Nagusitik, eta han erraldoiek dantza egin ondotik, marrazki lehiaketako sari banaketa eginen dute. Hiru kategoria egon dira: Haur Hezkuntzakoak, Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailakoak eta Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailakoak. Guztira 52 marrazki aurkeztu dituzte. Sari banaketa akaututa, Elizagibela karrikara joanen dira egurrezko zubitik eta han konpartsa guztiek Doneztebeko konpartsaren bals motza dantzatuko dute elkarrekin. Hortik berriz eskolara bueltatuko dira, nahi duena dutxatu, erraldoiak bildu ta bazkarirako prestatzeko. Bazkarian 190 bat pertsona espero dituzte.

Bazkalondoan 70. urteurreneko oroigarriak banatuko dituzte eta 17:00etan bingoa hasiko da. Bingo irekia izanen da eskolako aterpean. Bi txanda eginen dituzte, haur eta helduentzat hainbat sarirekin (200 euroko erosketa txartela, kafetera, bidaiatzeko maleta bat...). Bingoan biltzen duten diruan zati bat Elizondoko Gorka Goñi Mendibururendako izanen da. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun