Jaialdiko lehen partidako lau erremontistak Malerrekakoak izanen dira eta Zorion Zelaietak debuta eginen du eta, finalaren aitzinetik, omenaldia eskainiko zaie ligako txapeldun izan diren Errekako bi eskubaloi talde nagusiei eta Doneztebe Futbol Taldeari
Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan ekainaren 27an, larunbatean 17:30ean hasiko den jaialdiak erakargarri ugari izanen ditu. Hasteko, jaialdiko lehen partidako lau pilotariak Malerrekakoak izanen dira eta, tartean, Zorion Zelaieta oiztarraren debuta ikusteko modua izanen da. Xuban Ilarregi herritarrarekin eginen du bikote eta Koteto Ezkurra III.a doneztebarra eta Markel Leatxe donamariarra izanen ditu arerio.
Partida hau akitu eta final nagusia hasi aitzinetik, Erremonte Fundazioak eta Doneztebeko Udalak omenaldia eskainiko diete aurten ligako txapeldun izan diren Errekako eskubaloi taldeko gizasemeei eta emakumeei eta Doneztebe Futbol Taldeko talde nagusiari. Liga irabazteaz gain, Errekako gizonezkoek lehen maila nazionalera eta Doneztebe Futbol Taldeak hirugarren RFEF mailara igatea lortu dute, historian lehen aldiz biak.
Finalean, berriz, lehia estua espero dute aitzineko koadroetan herriko bi aurrelarien artean, Utergaren eta Otxandorenaren artean. Beteranoak bertze beterano bat izanen du lagun gibelean, Ion. Agirrezabalak jokatu du txapelketa osoa Utergarekin, baina ezin izanen du finalean parte hartu. Gazteak, berriz, bere itzalean txapelketa honetan hazi egin den Barricart izanen du atzelari.
Ohi bezala, Doneztebeko finaleko jaialdiko sarrerako dohaintzan biltzen den dirua ADANO elkartera bideratuko da.