Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioaren Departamentuak ez du aldaketa hori baimentzen, baina Zubietako herriko etxeak formalki eginen dio «Zubietako eta antzeko despopulazio arriskuan dauden udalerrietan ardi borda erabilera aldaketen egungo araudien egokitasuna» aztertzeko eskaera, maiatzaren 28an egindako udal batzarrean onartu zuenez. Lurralde Kohesioaren Departamentuari ez ezik, Baztan-Bidasoaldeko udalei eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioari helaraziko zaie mozioa.
Zubietako Udalak onartutako mozioaren arabera, «erabilera aldaketa posible batek ez luke lurraldean inpaktu berririk sortuko, ezta lurzoru berririk okupatuko ere, baizik eta dagoeneko existitzen diren eta paisaian integratuta dauden eraikinak egokitzea besterik ez litzateke izanen».
Hori dela eta, Zubietako udalaren ustez «ez da guztiz koherentea lehendik dauden eraikin tradizionalen erabilera aldaketa eta familia bakarreko etxebizitza isolatu berria parez pare jartzea, lurraldearen, ingurumenaren eta paisaiaren ikuspegitik kasu desberdinak baitira». Era berean, Zubietako Udalak uste du «beharrezkoa dela modu espezifikoan baloratzea despopulazio arriskua duten landa eremuko udalerrien egoera, Zubieta kasu, non etxebizitza eskaintza nahikorik ez egoteak larriki zailtzen duen biztanleria mantentzea eta belaunaldi gazteen errotzea. Zubietan ez dago etxebizitza kolektiborik ezta etxebizitza eskaintza nahikorik ere. Azken hamarkadan, herriko gazte askok udalerritik alde egin behar izan dute etxebizitza eskuratzeko aukerarik ez dutelako. Testuinguru horretan, ardi bordak etxebizitza bihurtzeko aukera benetako aukera bat litzateke herrian erroa sendotzeko, belaunaldi erreleboa ahalbidetzeko eta biztanleria mantentzeko».