Suziriarekin hasi zen eguna, jai giroari hasiera emanez. Ondoren, Ainara Mindegia eta Birjinia Mariezkurrena trikitilariak eta pandero jotzaileak herriko kaleak musikaz betez, auzotarrak esnatu zituzten beren doinu alai eta biziekin. Bitartean, herriko ostatuan, eguneko beste protagonistak elkartzen hasi ziren: bertsolariak, Joanes Illarregi eta Julio Soto, eta pilotariak, Oinatz Bengoetxea, Nora Mendizabal, Aitor Alduntzin eta Goiuri Zabaleta. Ekitaldiaren azken xehetasunak prestatzen aritu ziren, salda bero batekin indarrak hartu bitartean.
11:00etarako, jende ugari gerturatu zen Ezkurrara, Plaza Zaharrak Bizirik egitasmoaren baitan antolatutako erakustaldiaz gozatzera. Giro aparta izan zen goiz osoan: bertsolariek umorea, irudimena eta hitz-jolasa uztartu zituzten beren bertsoekin, ikusleen artean barre eta txalo ugari eraginez. Pilotariek, berriz, trebetasuna eta maila bikaina erakutsi zituzten pilotan. Trikitilarien musikak lagunduta, jai giroak ez zuen etenik izan. Beste behin, argi geratu zen gure plazak bizirik daudela, eta haiekin batera, gure herria ere bizirik dagoela. Gure plazak bizirik, gure herria bizirik!