325 lagun bildu ditu XVIII. Errekaren Eguneko herri afariak

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 8a

50. urteurrena mugarria izan da Erreka elkartearendako. Mende erdia bete izana bestarako nahikoa arrazoi zen, berez, eta eskubaloi taldeak inoizko denboraldirik hoberena osatuta borobildu dute. Emakumeak ligako eta kopako txapeldun izan dira historian lehen aldiz eta gizonezkoek Nafarroako txapeldun izan ondotik, lehen maila nazionalera igotzea lortu dute, hau ere lehen aldiz. Ortziralean eta larunbatean ederki ospatu dute XVIII. Errekaren Egunean.

77 bikote mus txalpelketan eta Luismi Apezetxea eta Patxiku Ganboa historikoak txapeldun

Ortziraleko ekitaldiak aurrebenjaminek eta benjaminek kiroldegian jokatu zituzten eskubaloi partidekin hasi ziren. Gauean Santa Luzia Plazan jokatutako mus txapelketan 77 bikotek hartu zuten parte eta horien artean, Errekako bi historiko, Luismi Apezetxea eta Patxiku Ganboa izan ziren txapeldun, finalean Xabier Bakedano eta Mikel Villamea gazteei irabazita.

Biharamunean, kirola izan zen protagonista. Goizean kategoria ttikietako eskubaloi taldeen arteko partidak jokatu zituzten eta judo eskolakoen erakustaldia ere izan zen. Larunbat arratsaldean ere eskubaloi partida gehiago izan zituzten: jubenilek eta kadete mutilek; senior neskak eta jokalari ohiak elkarren artean eta senior mutilak jokalari ohien kontra. Atsedenaldian Erreka Dantza Taldeak emanaldia eskaini zuen eta Zubietako joaldunak ere hurbildu ziren kiroldegira. Bestak segida izan zuen arratsean eta 325 lagun bildu ziren herri afarian. Joseba Legarra presidenteak eta Txomin Mindegia historikoak solasaldi hunkigarriak egin zituzten eta Berasategi anaiek, eskubaloian jokatzen ez ezik, kantatzen eta giroa jartzen ere badakitela erakutsi zuten. Trikidantzekin erromeria izan zuten eta, ondotik, J&J DJ aritu zzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun