Uholde arriskua murrizteko Galbaraialde erreka garbitu eta dragatu dute Donezteben

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 4a

Galbaraialde erreka garbitzeko arrainak harrapatu zituzten lehenik, arrantza elektrikoa erabiliz.

Uholde arriskuagatik kezkatuta zegoen Doneztebeko Udala, eta horregatik, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuak eta Kantauriko Ur Konfederazioak emandako bi dirulaguntzekin, eta bere ikuskaritzapean, Galbaraialde errekaren garbiketa lanak egin ditu egunotan. Ezkurra eta Ezpelura errekak Doneztebeko herrigunean elkartuta sortzen da Galbaraialde erreka, 800 bat metrokoa, Bidasoarekin bat egin arte.

Santi Belarra, Doneztebeko udal zinegotziak adierazi duenez, «nahiko nabarmena da zubien begietan dauden tapoiak ez badira kentzen uholde arriskua handitzen dela. Ubidea okupatzen ari ziren material pilo bat pilatu ziren eta beharrezkoa ikusten genuen kentzea».

Horretaz gain, arratoi izurritea ere kezka iturri ziren eta kabiak kendu eta arratoiak hiltzeko kanpaina ere egin dute. Bertzalde, harri-lubeta batekin arazo bat ere antzeman zuten. Ezkerraldean 60 bat metroko descalce bat zegoen. Ibaia bideratzen duen harri-lubeta erabat hondatuta zegoen eta bi metroko sakonera zuen zulo bat zegoen. Harri lubetako zapata osoa bistan zegoen. Lehendik ibaian zeuden materialarekin eremu hori guztia moldatu dute.

Garbiketa egiteko, lehenengo sastrakak kendu eta materiala kendu zen pasealekutik bertatik. Hurrengo egunetan, Ingurumen Departamentuko basozainek arrantza elektrikoa egin zuten, tarte horretan arrain guztiak harrapatuz. Gero, makinak sartu ziren, lehenik eta behin enbor handiak ateratzeko eta, gero, tonaka harri eta buztin mugitzeko eta baita zuhaitz batzuk lekuz aldatu eta birlandatzeko ere.

 

Aitzinera begira, Elizagibelatik Intzakardirako presa eta San Tiburtziokoa

Aitzinera begira, beti ere uholdeak saihesteko helburuarekin, Elizagibelatik Intzakardira doan presa kentzea aztertzen ari dira eta Bidasoa ibaian, San Tiburtziokoa ere eraitsi nahi lukete. Santi Belarra zinegotziaren erranetan, «hori aspalditik ari gara eskatzen, horixe baita Doneztebeko uholdeen arazo nagusia. Kontzesioa 2030eko abuztuan bukatzen da, baina badirudi enpresa handiren batek erosi diola Iberdrolari. Ez dakit zertan bukatuko den, baina Doneztebeko Udala, Konfederazioa eta Ingurumen Departamentua eskutik helduta joanen gara denok, bota dezaten».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun