Sari bikoitza eskuratu du Erreka Kirol Elkarteak Nafarroako eskubaloiaren galan

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 4a

Nafarroako eskubaloiaren galan hainbat sari banatu zituzten eta horietatik bi Erreka Kirol Elkarteak eskuratu zituen.

Kategoriako jokalari onenaren saria hartu zuen Marina Zabala Sarasolak eta elkartearen 50. urteurrenagatik Nafarroako Eskubaloi Federazioak emandako oroigarria jaso zuen Pablo Elizondok

Ortzirale eta larunbat honetan ospatuko dute Donezteben Erreka Kirol Elkartearen Eguna. Baina egun horren aurrekari, sari bikoitza hartu zuen Errekak asteartean Noainen ospatu zen Nafarroako eskubaloiaren galan. Hainbat sari eta oroigarri banatu zituzten eta horien artean, Errekako Marina Zabala Sarasolak kategoriako jokalari onenaren saria jaso zuen. Gainera, Erreka elkartea 50. urteurrena ospatzen ari dela eta, hori ere saritu nahi izan zuen Nafarroako Eskubaloi Federazioak eta oroigarri bat eman zion taula gainera Errekako ordezkari igo zen Pablo Elizondori.

Errekako Marina Zabala Sarasola, kategoriako jokalari onenaren saria hartzen.

50. urteurrenekoa urte bikaina izaten ari da Errekarentzat. Gizonezkoen talde nagusiak liga irabazi eta, historian lehen aldiz, lehen maila nazionalera igotzea lortu du, Alacanten jokatutako igoera fasean nagusitu eta gero. Emakumeen talde nagusiak, berriz, liga eta kopa irabazi ditu, biak lehen aldiz.

Errekako Pablo Elizondo eta David Mindegia, Errekak bere 50. urteurrenean hartutako oroigarriarekin. Tartean, Iñaki Muñoz, Nafarroako Eskubaloi Federazioko kudeatzailea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun