Udaberriko erremonte txapelketako jardunaldi bikoitza jokatu dute ortziralean Agoitzen

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 1a

Xanti Utergak, Agirrezabalarekin, garaipen garbia lortu zuen Agoitzen eta ligaxkako lehen postua segurtatua dute.

Euskal Jai Berri Erremonte Fundazioak antolatutako Udaberriko Erremonte Profesionaleko Txapelketa-Microlan Aerospace Sari Nagusiko jardunaldi bikoitza jokatu dute maiatzaren 29an Agoitzen. Lehen partidan, Matxin III.ak eta Otanok 35-33 irabazi zieten Mikel Mikelarena oiztarrari eta Ioni. Bigarren partidan, berriz, Xanti Uterga doneztebarrak eta Agirrezabalak 35-20 irabazi zieten Eloy Otxandorena doneztebarrari eta Barricarti.

Astebeteko atsedenaldiaren ondotik, jardunaldi erabakigarria ekainaren 13an jokatuko dute Beran

Emaitza hauekin, ekainaren 13an Beran jokatuko den lehen faseko azken jardunaldiaren faltan, sailkapenaren lehen postuan jarri dira Uterga eta Agirrezabala eta postu hori segurtatua dute. Bigarren dira Otxandorena eta Barricart eta hirugarren Matxin III.a eta Otano. Finalerdietarako laugarren bikotea erabakitzeko dago, Mikelarena-Ion edo Zeberio II.a-Mitxeo izanen dira. Hain zuzen, Berako azken jardunaldi horretan, Zeberio II.a eta Mitxeo, Matxin III.aren eta Otanoren kontra ariko dira. Zeberio II.ak eta Mitxeok irabazi edo, guttienez, 33 tanto egin beharko dituzte, sailkapenean laugarren izateko eta Mikelarena eta Ion kanpoan uzteko. Matxin III.ak eta Otanok, aldiz, hirugarren postua segurtatua dute, baina garaipenarekin bigarren izanen lirateke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun