[ARGAZKIAK] Denboraldi historikoa egin duten Doneztebeko kirol taldeei harrera egin diete herriko etxean

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 1a

Azken hilabeteetan ospakizun aparretan dabiltza Doneztebeko futbol eta eskubaloi taldeak, beraien historian inoiz lortu gabekoak lortu ondotik. Doneztebe Futbol Taldeak historian lehen aldiz hirugarren mailara igatea lortu zuen, matematikoki apirilaren 24an eta hilabete beranduago, maiatzaren 24n Nafarroako Maila Autonomikoko txapeldun izan zen. Errekako gizonezkoen eta emakumeen eskubaloi taldeek, berriz, biek ala biek liga irabazi zuten maiatzeko lehen asteburuan jokatutako lauko finaletan eta geroztik, kopa ere irabazi zuten emakumeek (bai liga eta bai kopa, lehen aldiz lortu dute emakumeek) eta Alacanten jokatutako igoera fasean, Lehen Maila Nazionalera igatea lortu dute historian lehen aldiz gizonezkoek. Horiek denak eskertzeko, saritzeko eta goraipatzeko, Doneztebeko herriko etxean harrera egin zieten joan den Doneztebe futbol taldeko eta Errekako talde seniorrei. Ondotik, kalejira egin zuten. Argazkiak: Juan Mari Ondikol

Herriko Etxeko harrera Arantxa Arregi alkateak, Juan Telletxea kirol zinegotziak eta Maider Ilarregi, kultura eta besta zinegotziak gidatu zuten, baina bertze zinegotziak ere bertan ziren. «Ez da ohikoa hiru talderi batera harrera egitea eta zoriontzea», aipatu zuten. Baina, harrera ez zen bakarrik lortutako tituluengatik eta igoeragatik, «azken unera arte borroka eginez, kirola egiteak merezi duela erakusten duzue eta eredu zarete Doneztebeko eta Malerrekako haur eta gaztetxoentzat. Dena bertako jendearekin lortu duzue, gainera, ez da bakarrik irabaztea, lagun artean irabazi duzue». Aitzinera begira ere, Doneztebeko herriko etxeak bai Erreka Kirol Elkartea, baita Doneztebe Futbol Taldea babesten eta laguntzen segituko duela adierazi zuen. «Gozatu une hauetaz, meritu guziarekin irabaziak dituzue eta! Gora gure kirolariak!».

Oraindik herriko bestetarako aste batzuk falta baldin badira ere, zapi gorriak eman zizkieten jokalari eta entrenatzaile guztiei (Iban Ezkurra Errekako emakumeen entrenatzailea, Gorka Laborda Doneztebe Futbol Taldeko entrenatzailea eta Iban Mindegia, Errekako gizonezkoen entrenatzailea). Taldeetako kide guziek elkarrekin atera zuten argazkia herriko etxeko atarian, beraiek lortutako garaikurrekin eta kalejiran ibili ziren Doneztebeko karriketan.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun