Azken hilabeteetan ospakizun aparretan dabiltza Doneztebeko futbol eta eskubaloi taldeak, beraien historian inoiz lortu gabekoak lortuta. Doneztebe Futbol Taldeak historian lehen aldiz hirugarren mailara igatea lortu zuen, matematikoki apirilaren 24an eta hilabete beranduago, igande honetan, Nafarroako Maila Autonomikoko txapeldun izanen dela ere segurtatu du matematikoki, asteburuan jokatuko den azken partidaren faltan. Errekako gizonezkoen eta emakumeen eskubaloi taldeek, berriz, liga irabazi zuten maiatzeko lehen asteburuan jokatutako lauko finaletan eta geroztik, kopa ere irabazi zuten emakumeek (bai liga eta bai kopa, lehen aldiz lortu dute emakumeek) eta Alacanten jokatutako igoera fasean, Lehen Maila Nazionalera igatea lortu dute historian lehen aldiz gizonezkoek. Horiek denak eskertzeko, saritzeko eta goraipatzeko, Doneztebeko herriko etxean harrera eginen diete Doneztebe futbol taldeko eta Errekako talde seniorrei maiatzaren 29an, ortziralean 20:00etan. Ondotik, kalejira eginen dute, J&Jk girotua.