50 urte bete ditu aurten Doneztebeko Erreka Kirol Elkarteak eta eskubaloian inoiz lortu gabeko bi mugarrirekin ospatu du asteburu honetan. Gizonezkoek, bortz aldiz jokatua zuten sektoreko txapelketa, azkean 2019an Zarautzen eta iaz Gironan, baina inoiz ez zuten lehen maila nazionalera igaterik lortu. Aurten, Nafarroako ligako txapeldun izan ondotik, lortu dute igoera historikoa Torrellanon (Alacant). Bata bertzearen ondotik, ortziralean etxeko taldea, Torrellano HC Torrebanda; larunbatean Madrilgo CB Parla 2NM eta igandean Andaluziako Ciudad de Granada menpean hartu zituzten, jokalarien, entrenatzaileen eta Alacantera hurbildutako 60 bat errekazaleren gozamenerako. Emakumeak, bere aldetik, ligako eta kopako doblete historikoa lortu ondotik (inoiz lortu gabeko tituluak biak), ikasteko gogoarekin joan ziren sektoreko txapelketara. Hauek hurbilago zuten, Errenterian, eta zale gehiago izan zituzten laguntzen, baina arerio gogorrak suertatu zitzaizkien. Lana gogotik egin bazuten ere, hiru partidak galdu zituzten, Kataluniako Handbol Sant Cugat, Andaluziako Alfarnate BJ Mardin eta Errenteriako Ereintza Bitek taldeen kontra. Halere, goraipatzekoa Erreko emakumeen lorpena ere.
Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.