Malerrekako Eguneko mus txapelketako finalari begira, herriz herri kanporaketak jokatzen ari dira

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 21a

Kanporaketak jokatuta, herri gehienetan erabakia dute zein bikote ariko diren maiatzaren 30ean Legasan jokatuko den final handian. Falta diren kanpora gehienak aste honetan eginen dituzte. Ikusi xehetasunak albiste barrenean.

Orain arte jokatutakoak

Beintza-Labaien

Beintza-Labaienen maiatzaren 16an jokatu zuten mus txapelketako kanporaketa. Sei bikote aritu ziren eta Leire Elizondo eta Saioa Oteiza izan ziren irabazle. Beraz, beraiek izanen dira finalean Beintza-Labaienen izenean ariko direnak.

Elgorriaga

Elgorriagan izan ziren goiztiarrenak. Maiatzaren 10ean jokatu zuten mus txapelketako kanporaketa. Bi bikote aritu ziren eta Agurtzane Alzaga eta Andoni Eizagirre nagusitu ziren. Hala, Elgorriaga ordezkatuko duen bikotea izanen da.

Eratsun

Eratsunen maiatzaren 16an aritu ziren musean. Bost bikote apuntatu ziren, eta Mikel Telletxea eta Miguel Mari Urrutiak irabazi zuten mus txapelketako kanporaketa. Eratsun ordezkatuko dutenak, beraz, beraiek izanen dira.

Ezkurra

Ezkurran, berriz, zortzi bikotek eman zuten izena maiatzaren 16an jokatutako kanporaketan. Jose luis Gorostiaga eta Miguel Telletxea gelditu ziren lehenbiziko, eta haiek izanen dira finalean, Ezkurraren izenean, ariko direnak.

Ituren

Iturengo kanporaketa maiatzaren 15ean egin zuten. Hamar bikote apuntatu ziren Herriko Ostatuan egindako saioan, eta Oier Bereau eta Julen Altxu nagusitu ziren. Finalean beraiek ordezkatuko dute Iturengo herria.

Oiz

Oizen ere maiatzaren 15ean egin zuten museko kanporaketa jokatzeko hitzordua.  Alberto San Miguel eta Josetxo Ariztegik irabazi zuten lehia, baina finalean ariko direnak Alberto San Miguel eta Jexux Ariztegi izanen dira.

Saldias

Maiatzaren 15ean Saldiasen ere aritu ziren musean, eta Jacinto Dominguez eta Julian Erasunek lortu zuten finalerako txartela. Beraiek ordezkatuko dute Saldiasko herria.

Sunbilla

Sunbillako kanporaketa ere maiatzaren 15ean jokatu zuten, eta lehia irabazita,  Nieves Biurrarena eta Pattere Galzagorri izanen dira maiatzaren 30eko finalean Sunbillaren izenean ariko direnak.

Urroz

Urrozen, berriz, maiatzaren 16an aritu ziren musean. Bortz bikote apuntatu ziren eta irabazleak Imanol Juanena eta Josu Zozaia izanen dira. Beraiek ordezkatuko dute herria Legasan eginen den finalean.

Ondoko egunetako hitzorduak

Aste honetan, bertze hiru herritan egina dute kanporaketa jokatzeko hitzordua.

Ortzirale honetan, maiatzaren 22an, Donamarian eta Donezteben ariko dira. Donamariarren saioa 19:00etan Donamariako Ostatuan izanen da, eta Donezteben, berriz, 21:30ean Ameztian jokatuko dute mus txapelketako kanporaketa.

Larunbatean, berriz, Zubietan egin dute hitzordua: 16:00etan Herriko Ostatuan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun