Iturengo Udalak bertze zenbait laguntzailerekin batera lehen aldiz antolatutako Aurtizko Koianea Ttikiko pilota txapelketako finala jokatu zuten larunbatean. Ilarregik eta Iruritak 22-18 irabazi zieten Iker Bereauri eta Ugaitz Elizalderi. Hirugarren posturako lehian, Enaitz Ansok eta Iban Indaren ordez aritu zen Oier Bereauk 22-9 irabazi zieten Zubietari eta Auxtini.
Txapeldunek 300 euro, Jauregia lotea, Katxalin ardoak eta trofeoa hartu zuten saritzat; txapeldunordeek 200 euro, Katxalin ardoak, Pirineki gazta lotea eta trofeoa; hirugarrenek Katxalin ardoak, Altxunea erretegiak emandako bi bazkari eta trofeoa eta laugarrenek Katxalin ardoak, Iturengo ostatuak emandako bi pertsonentzako bazkaria eta trofeoa. Mikel Ezkurra eta Mattin Leiza pilotariek ere trofeoa izan zuten. Gainera, txapelketan parte hartu duten pilotariei oroigarri bana eman zitzaien, Jon Eskudero pilotari eta bertsolariak egindako bertso batekin.
Iturengo Udalak eskerrak eman nahi dizkie txapelketa posible egin duten pilotari eta laguntzaile guztiei, baita epaile lanetan aritu diren guztiei, bereziki Ibai Berregiri.
Kantu bazkaria akitzeko
Txapelketari akabaila ederra emateko kantu bazkaria izan zuten Andoni, Peio eta Mikel musikariekin eta dantza kantuan aritzeko aukera ere izan zuten bazkarira hurbildu ziren ehun bat lagunek. Akitzeko DJ Garirekin eta Irati eta Ekiñe trikitilariekin musika izan zuten eta laguntzaileek emandako opariak zozketatu zituzten. Aurtengo txapelketaren arrakasta ikusita, hurrengoa prestatzen hasiak dira antolatzaileak.