Ezkurrako herriak lau mila eurotik gorako dohaintza egin dio 2zi elkarteari

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 19a

Argazkian Jaione Zabalo Ezkurrako alkatea, Bautista Mariezkurrena zinegotzia, eta Feli Perotxenaren familiakoak.

Bildutako dirua Navarrabiomed ikerketa zentrora bideratuko dute, bularreko minbizi metastasikoaren ikerketarako.

Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, egun solidarioa antolatu zuen Ezkurrako Udalak: mendi martxa, bazkaria, Bularretik ehundutako aitortzak dokumentalaren emanaldia, protagonistekin solasaldia eta merienda. Bada egun solidario horretan eta horren bueltan 2zi kamisetak salduz, 4.284 euro bildu dituzte.

Bildutako dirua 2zi elkartera bideratu dute eta zehazki, Navarrabiomed ikerketa zentrorako izanen da, bularreko minbizi metastasikoaren ikerketarako. Ezkurrako herriaren izenean, berriki hil den Feli Perotxenaren familiak eman zion txeke solidarioa 2zi elkarteari.

2zi elkarteak, berriz, «bihotzez eskertu» nahi izan du «antolatutako ekimen ederra eta erakutsitako elkartasuna. Horrelako keinuek indarra ematen digute lanean segitzeko, itxaropena pizten dute eta gogorarazten digute elkarrekin benetako aldaketa sor dezakegula. Mila esker parte hartu zenuten guztiei, antolatzaileei, laguntzaileei eta bihotza jarri zenuten pertsona bakoitzari. Zuen babesa ezinbestekoa da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun