«Anitzetan magia haurrekin bakarrik lotzen dugu, eta pena ematen dit»

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 16a

Ioritz Mitxeo karta sorta esku artean duela, magia egiteko prest. Argazkia: Utzitakoa

Ioritz MITXEO OSKOZ, Donezteben bizi den gaztea.

Argazkian ageri bezala, «esku artean karta sorta izan ohi duen mutil arrunta» dela erran digu Ioritz Mitxeok, Mitzek. Egun, Donezteben bizi da eta Magisteritza ikasketak bukatzen ari da, gaineratu duenez, «lagunekin egotea maite dut, baina nire bakardadea eta nire tarteak izatea ere estimatzen dut, kirola egitea ere gustuko dut». Eta horiek biziki maite baditu ere, badu modu diferentean maite duen bertze zerbait: magia. «Denbora libre gehiena magia ikasten pasatzen dut, hori da nire pasio nagusia»

Magiarekiko interesa ttiki-ttikitatik heldu zaiola kontatu du, halere, mago gisa ez zen hain aspaldi hasi: «Got Talent programan magoak agertzen ziren bakoitzean liluratuta gelditzen nintzen. Gutti goiti-beheiti, 14 urterekin magia guztiz alde batera utzi nuen eta ez zitzaidan berriz horrekiko interesa piztu 18 urteak bete nituen arte. Eguberrietan Tik-tok bat ikusi nuen eta neure buruari magia ikasteko erronka bota nion». 

Erronka onartu eta bideari segituz, Nafarroako Ilusionismo Elkarteko kide egin zen, eta horri esker, mago gisa debuta egin zuen. Egindako lehen agerpen hartaz mintzatu da: «Bordaberrin izan zen, Noainen. Han Jam Session batzuk antolatu izan ditugu eta antolatu genuen lehendabizikora joateko aukera izan nuen. Urduri nintzen, eskuak eta ahotsa dardarka nituen eta burua airean bezala. Lehenbizikoa izan nintzen eta izugarrizko akatsa egin nuen. Uste dut hori izan zela gertatzen ahal zitzaidan hoberena, bat-batean ohartu nintzelako ideia guztiak aldatu behar nituela. Momentu horretan, goiti egin beharra nuela sentitu nuen, problema horretatik ihes egin. Hala izan zen, horri buelta eman nion eta hortik aitzinera urduritasunari bertze modu batean egiten diot aurre».

«Jaso dudan notizia onenetarikoa eman zidaten: Sobrinon martxo osoan, ortziralero, mago gisa ibiltzea. Ekintza gehiago ere atera zaizkit, nola edo hala, herrietako bestetan eginen ditudan saioak»

Tik-tok bat ikustetik hasi zen dena, eta orain pantaila bertze aldera pasatu dena Mitze da. Egun, bera da oholtza gainean, otorduetan mahaiz mahai eta Tik-tok bideoetan ere ageri dena. Lehen Jam Session hura «anitz» gustatu zitzaiola kontatu du, hortaz, erakustaldiak Doneztebe eta ingurura ere ekartzen saiatu dela gehitu du. Orain arte ikuskizunak Donezteben eta Elizondon egin ditu, lehenbizikoa Titin (Doneztebe) izan zen. Hortaz aparte, erakustaldi gehiago izan ditu solasgai: «Sorgiña kafetegikoa, bakarrik jarduten nuen lehen aldia izan zen eta oroitzapen arrunt polita dut. Horren ondotik, Sorgiñan bezala, Sobrinon ere proba gisako bat  egin nuen eta mahaiz mahai magia trukoak eskaini nituen. Izugarrizko arrakasta eduki zuen eta segituan berriz egin genuen. Ondotik, jaso dudan notizia onenetarikoa eman zidaten: Sobrinon martxo osoan, ortziralero, mago gisa ibiltzea. Ekintza gehiago ere atera zaizkit, nola edo hala, herrietako bestetan eginen ditudan saioak».

Hurbileko magia, kartomagia

Magia munduan murgilduz bezala, «konturatu naiz trukoa ez dela garrantzitsuena eta atzean mundu handia dagoela». Bi truko mota bereizi ditu: eszenatokikoa eta informalagoa den hurbilekoa. Bat aukeratzekotan ez du zalantzarik eduki: «Gehien gustatzen zaidana hurbileko magia da». Eta gehiago sakonduta, kartomagia, kartekin egiten dena du kuttunena: «Kartomagiak nire barnean zerbait pizten du, hortaz, gehien disfrutatzen dudana da».

«Magia ilusionismoa dela pentsatzen dut;  eta hitzak dioen bezala, ilusioak sortzean datza, hau da, nik ezin dut mirariarik egiten. Jendeak ongi pasatzea eta euren arazoetaz atzentzea bilatzen dut»

Hala, trukoez eta mago izateaz mintzo, «Zer da mago izatea?» gisako galdemoduak erantzutea «zaila»  dela dio, bere baitan «maiz aldatzen den erantzuna» dela argudiatuta: «Duela gutti arte mago gisa definitzen nuen neure burua, duela aste batzuk ohartu naiz mago hitza arrunt zabala dela eta arrunt eztabaidagarria. Magia ilusionismoa dela pentsatzen dut;  eta hitzak dioen bezala, ilusioak sortzean datza, hau da, nik ezin dut mirariarik egiten. Jendeak ongi pasatzea eta euren arazoetaz atzentzea bilatzen dut». Alta, magia eta haurrak aise korapilatzen ditugun bezala, helduei helaraztea zailagoa dela dio: «Magia anitzetan haurrei lotzen diegun ekintza da, eta pena ematen dit. Nire ustez, magia adin guztietako egokia da, nik helduekin gehiago disfrutatzen dut haurrekin baino». Azkenik etorkizunera begira jarri da: «Magiaz bizi? Amets gisa ikusten dut. Hala ere, pasio dudan hau betebehar hotz bihurtzearen eta magia egitearen magia hori galtzearen beldur naiz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun