[ARGAZKIAK] Ezkurrako Herriko Ostatua inauguratzeaz gain, Barranka ostatuko Jose Luis eta Reyes omendu dituzte Ezkurran

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 11

Egun berezia izan zuten larunbatean Ezkurran. Alde batetik Herriko Ostatua inauguratu zuten, «herrian dagoen zerbitzu falta nabariari» erantzuteko asmoz sortu duten proiektua. Horren bueltan, hainbat hitzordu izan zituzten. Baina horren aurretik omenaldirako tartea hartu zuten. 

Ezkurrako Udalak erretiroa hartu duen Barranka ostatuko Jose Luis Gorostiaga izan zuen bereziki gogoan. Hain zuzen, bere aitonak 1909an ireki zuen Barranka ostatua, eta udalaren arabera, «azken urteotan Jose Luis izan da ate horien zaintzailea, sukaldeko sua piztuta eta mostradoreko bizitza galdu ez dadin lanean aritu dena».

Baina ez hori bakarrik. «Barranka ez da jateko lekua bakarrik izan. Topagune bat izan da, herriko jendea elkartzeko txokoa, eta askorentzat egunerokoaren parte. Han sortu dira elkarrizketak, barreak, kantuak eta bizitza bera». Herriak «hutsunea» sumatuko duela azpimarratu zuten udal ordezkariek larunbatean, eta aldi berean, «esker ona» adierazi nahi izan zieten: «Jose Luis, zure lanak eta zure presentziak arrastoa utzi dute hemen. Zuk sortutako giroa, hurbiltasuna eta eguneroko keinu txiki horiek ez dira ahaztuko. Eskerrak ematea dagokigu: urte guztietako lanagatik, konpromisoagatik eta herriari emandako guztiagatik. Eskerrik asko, bihotzez. Eta ondo merezitako atseden ona izan dezazula».

Jose Luisekin batera, haren emazte Reyes Goñi ere gogoan izan zuten: «Berak ere lan ederra egin du urte hauetan guzietan, eta Barrankaren egunerokoan ezinbesteko zutabea izan da. Orain, Jose Luis erretiratuta, Reyesek segituko du bide horretan». 

Omenaldiaren tartearen ondotik, inaugurazioaren txanda ailegatu zen. Aitor Ibarra Jaliskok gidatu zuen tartea, eta horrez gain, Itziar Azpirozek kontzertua eman zuen. Goiza borobiltzeko, paella prestatu eta huraxe jan zuten mahaiaren bueltan bilduta. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun