Mutur beltzetan Donamariako Zabaltenekoak eta mutur gorrietan Iturengo Zubialdekoak lortu zuten lehen saria, Doneztebeko Udaberriko Feriaren barrenean
Lehiaketa honetan, Malerrekako latxa arrazako ahariek parte hartzen ahal dute eta aurten, erran bezala, sei bakarrik aurkeztu ziren lehiaketara., hiru mutur gorri eta hiru mutur beltz. Mutur beltzen artean, azken bi urteetan bezala, Donamariako Zabalteneko Joxe Mari Inda Etxandik aurkeztutakoarentzat izan zen 120 euroko lehen saria, 70 euroko bigarren saria Donamariako Porotxeneko Jose Miguel Lasaga Telletxearen ahariarendako izan zen eta hirugarren saria, 50 euro, Donamariako Utxuneko Santiago Iturralde Migeltorenaren ahariarendako.
Mutur gorrien atalean ere hiru buru aurkeztu zituzten eta diru-kopuru bera izan zuten saritzat hiru lehenbizikoek. Lehenbiziko saria Iturengo Zubialdeko Lourdes Etxenike Bikondoaren ahariak eskuratu zuen, bigarrena Doneztebeko Mateo etxeko Miguel Iribarren Irisarrik aurkeztutakoak eta hirugarrena Gazteluko Etxezuriko Joseba Telletxea Sarratearenak. Berriki erretiroa hartu duen Juan Ramon Ostiz albaitariak eta Patxiku Mitxelena zubietarrak osatu zuten epaimahaia.
Ahariez gain, zenbait zaldi eta behor plazaratu zituzten Pedro Jose Martin aita-semeek. Gainera, eskulangileen lanak ikusgai eta erosgai izan ziren, tartean Jose Luis Olaizola (heraldika grabatuak), Jon Olaizola (3D), Lourdes Goñi (erroskilak), Flora Santesteban (taloak), Larraitz Peral (arropa, panpinak…), Loli Ibargoien (tokillak), Paul Erdozia (Zilarra, latoia…), Haizea Belarra (eztia), Enriqueta Merbilhaá (kosmetika naturala) eta Laura Sanchez Guerra (poltsak, giltzariak…) plazaratutakoak.