Wikipedia munduko entziklopediarik handiena, erabiliena eta irekiena da. Edozeinek sortu eta editatzen ahal ditu edukiak, eta gaur den egunean, 300 hizkuntza baino gehiagotan eskribitutako 60 milioi artikulutik goiti daude; 480.000 baino gehiago euskaraz.
Baina baditu erronkak, eta horietako bat genero arrakala da. Wikipedian emakumeen biografiak aunitzez guttiago dira, eta editatzen aritzen diren emakumeak ere guttiago dira. Hala ere, badira arrakala horri buelta emateko lanean ari direnak eta Wikiemakumeok mugimendua mugarri izan da eta da bide horretan.
Emakumeen 30.000 biografia baino gehiago daude euskaraz Wikipedian.
2015ean sortu zuten Wikiemakumeok taldea eta 2020an Euskal Wikiemakumeok. Egindako lana ez da alferrikakoa izan. 2017an euskarazko Wikipedian % 13koa zen emakumeen presentzia eta 2026an % 36koa da. Dagoeneko emakumeen 30.000 biografia baino gehiago daude euskaraz Wikipedian. Gehiago ere bai: Hizkuntza guzien artean, emakumeen biografia kopurua absolutuari erreparatuz gero, euskarazko Wikipedia 23. postuan dago.
Euskal Herriko hainbertze txokotan ari diren dozenaka eta dozenaka wikilariren lana dago horren gibelean eta horietako bi dira Ana Erasun Ariztegi aurtiztarra eta Make Irigoyen Perurena doneztebarra.
Aurtiztarra eta doneztebarra
Wikiemakumeok taldearen barrenean, tokian tokiko hainbat azpitalde daude eta aurtiztarra Oarso-Bidasoaldeko taldean ibiltzen da eta doneztebarra Bizkaian, EHUren Leioako campusekoan.
Duela hiru urte hasi zen aurtiztarra: «Eskoletan egin dudan ibilbidean, aunitz baliatu izan dut Wikipedia, eta nire gisa ere aritu izan naiz datuak eguneratzen, artikuluak hornitzen edo argazkiak sortzen. Baina jubilatu nintzenean, zor hori kitatu nahi izan nuen, eta Durangoko Wikiemakumeok taldeko Marisa Barrenaren bitartez, hurbilenen nuen taldera jo nuen». Onartu duenez, «kabi ezti bezain sendoa topatu dut Oiartzunen».
Irigoyen 2017tik ari da Leioako taldean. Hezitzailea da ofizioz eta «EHUko talde batekin, hezkidetzari buruzko online ikastaro batzuk antolatzen ari nintzela, Mentxu Ramilo Wikiemakumeok proiektuaren sortzaileetako bat lankide izan nuen. Proiektuaren berri eman zigun, eta hala hasi nintzen». Aitortu du «hasieratik euskaraz egitea» erabaki zuela: «Digitalean euskara sustatzeko estrategia librea eta burujabea sustatu behar dugu eta Wikipediak bete-betean bat egiten du».
«Digitalean euskara sustatzeko estrategia librea eta burujabea sustatu behar dugu eta Wikipediak bete-betean bat egiten du».
Make IRIGOYEN, Wikiemakumeok taldeko kidea
Bakoitzak bere taldearekin egiten du hitzordua, hilabetean behin. Irigoyenek zehaztu duenez, «ordu pare bateko tartea izaten da. Ez dugu etxeko lanik hartzen, ahal duenak ahal duena egiten du, denbora ere ez baitugu sobran izaten. Gure helburua disfrutatzea, ikastea eta ahal duguna egitea da».
Oarso-Bidasokoa «talde ttikia» dela dio Erasunek; «Bakoitzak bere abilidadea ekartzen du. Hilabetero elkartzen gara gidalerroen azterketa egiteko, zailtasunak marruskatzen laguntzeko, ideien erauntsia egiteko, zein hutsune bete nahi dugun adosteko... Zerrenda egin eta bakoitzak bere erritmoaren arabera egiten du ekarpen kolektiboa biografiako protagonistarengana hurbiltzeko. Biografia batzuk sortu egiten ditugu eta bertze aunitz itzuli. Lan exijentzia arrunt diferentea du sortzeak edo itzultzeak».
Talde lanaren onurez ere aritu dira: «Aberatsa da» doneztebarrarendako, eta aurtiztarraren hitzetan, «elkarrekin aunitz ikasten dugu».
Helburuak
«Emakumeen ekarpenak euskaraz bistaratzea». Erasunen hitzetan hori da helburua. Eta Irigoyenek «feminismoek garatu dutena Wikipedian txertatu» nahi dutela esplikatu du: «Batetik, munduko bazter guzietan dagoen androzentrismoa salatu nahi dugu, eta aldi berean, entziklopedia librea izanda, hor eragiteko aukera denok dugula erakutsi nahi dugu. Ez da kasualitatea emakumeek ezagutzari egindako ekarpena Wikipedian ez agertzea». Bertzetik, «arrakala digitala» aipatu du: «Emakumeok eremu digitalean ahaldundu behar dugu. Lehenbiziko aldiz historian, badugu ezagutza edozeinek garatzen ahal duen plataforma bat. Genero ikuspegitik hori indartu nahi dugu».
«Auzolana da Wikipediaren eredu komunalaren tresna nagusia: denon artean lan egiten dugu, denon onurarako».
Ana ERASUN, Wikiemakumeok taldeko kidea
Erasun «auzolanaz» aritu da: «Auzolana da Wikipediaren eredu komunalaren tresna nagusia: denon artean lan egiten dugu, denon onurarako. Milaka lagunek egiten dute ekarpena, bakoitzak bere modura». Eta lur komunalekin parekatu du: «Jabegorik ez duenak aunitz probesten du lur komunala, eta trukean, auzolanaren ekarpena egiten du. Horrela, denon artean sortzen eta mantentzen da komunala. Wikipedian dugun formula aski antzekoa da: Denok elikatu eta denon eskura».
Datuak baino gehiago
Milaka biografia sareratu dituzte dagoeneko, baita 2027rako ezarria zuten emakumeen euskarazko 30.000 biografien muga gainditu ere. Horien artean eskualdeko ehun bat kontatu dituzte, «gutti goiti-beheiti eskualdeko biografien herena». Tartean denetarik: «kirolariak, artisauak, ikerlariak, hezitzaileak, bertsolariak, idazleak, politikariak, kantariak, etxekoandreak, nekazariak, zientzialariak, errepresioa jasandakoak, fusilatuen alargunak, kartzelatuak eta torturatuak, kontrabandoan ibiliak, ustezko sorginak, emaginak, sendalariak, neskato ibiliak, matxismoak erailak...». Erasunek zerrenda luzea eman du.
«Wikipediak mundu osoan emakumeek egindako ekarpenak bistaratzeko aukera ematen du, historikoki aitortzarik izan ez dutenak, eta hori handia da».
Make IRIGOYEN, Wikiemakumeok
Doneztebarrak, ordea, datuetatik haratago jo du: «Kopuruek egindako lana bistaratzeko balio dute, baina datuei bakarrik erreparatuta, gainerakoa begi bistatik kentzen dugu. Logika produktibista hori kapitalista eta patriarkala da. Biografia berriak egitea bezain inportantea da alde kualitatiboa. Zuzenketak egitea, argazkiak eta informazioa biltzea… Hori ez da ageri kopuruetan. Egiten den guziaren zati ttiki bat da biografiak egitea eta dena baloratu behar da. Wikipediak mundu osoan emakumeek egindako ekarpenak bistaratzeko aukera ematen du, historikoki aitortzarik izan ez dutenak, eta hori handia da».
Oraindik bada lana
«Kontent» ari dira euren aletxoa paratuz, baina biek diote «oraindik genero arrakala handia» dela. Irigoyenek «dagoenaren heren batera ailegatu» badira ere, «ezagutza aunitz falta» dela erran du. Eta «edukietako desorekaz gain, edizioan ari direnen artean dagoen desoreka handia» aipatu du Erasunek: «Ondorioz, estereotipoak egonkortzen dira. Emakume guttiago egoteak emakumeen bizitzak, lorpenak eta ikuspegiak guttiago agertzen direla erran nahi du. Horrek historiaren eta kulturaren ikuspegi partziala sortzen du. Editore gehienak gizonezkoak direnean, edukiak ere haien ikuspegitik idazteko joera dago, eta hala, gai batzuk gutxiago lantzen dira. Eta aldi berean, emakumeei buruzko artikulu guttiago egonda, erreferente femenino guttiago daude, batez ere gazteendako».
«Edukietako desorekaz gain, edizioan ari direnen artean dagoen desoreka handia da»
Ana ERASUN, Wikiemakumeok
«Baina ez da bakarrik egotea», segitu du Irigoyenek. «Wikipedian egotea handia da, izena duenak izana baitu. Baina ez da aski; barneko edukiak mamia izan behar du». Eta horretarako «iturri fidagarrietatik ateratako erreferentziak falta» dituzte. «Argitalpenak, hedabideetako kronikak, monografikoak, ikerketak, erakusketak… Halakoak behar ditugu materiala aberasteko. Androzentrismoaren ondorioz, emakumeak ikusezin edo bigarren lerroan gelditu dira. Orain dugu horri buelta emateko aukera. Xinaurri lan handia egin behar da, eta horretarako, lankidetza estrategiko kolektiboa behar da, kanpoko aliatu aunitz».
«Xinaurri lan handia egin behar da, eta horretarako, lankidetza estrategiko kolektiboa behar da, kanpoko aliatu aunitz».
Make IRIGOYEN, Wikiemakumeok
Erreferentzia faltaz aparte, bertzelako oztopoak ere izaten dituzte. Aurtiztarrak, konparazione, «protagonisten adostasuna izatea batzuetan zaila» dela aitortu du. «Inork ez du aski meritu duenik uste. Hurbildu naizen andreen hamarretik zortzik ‘Zer? Zer egin dut ba nik?’ erantzun didate. Ez dugu geure burua biografia batean agertzeko moduan ikusten, ttikitasunean haziak garen seinale. Eta ez da hori bakarrik. Baiezkoaren ondotik, ez baduzu erreferentziarik, hau da, biografia sustengatuko duen ebidentziarik, aski bide motza du biografia horrek».
Denetariko biografiak
Batek zein bertzeak emakumeen biografia mordoxka egin dituzte, eta Erasunek onartu du «idazleak, arte mundukoak, musikariak, ekintzaileak, kirolariak, baztertuak, irakasleak, frankismoaren jazarpena jasan dutenak, zientzialariak, politikariak, ikastolak, euskara eta kultura sustatzaileak, baserritarrak, kazetariak, abokatuak, euskal militanteak, preso ohiak, emaginak, kooperanteak, erlijiosoak, historialariak, bigarren mundu gerran aktibistak izandakoak, etorkinak…» bildu dituela. Argitu duenez, «ia-ia denek zerbait isildu dute eta xinaurri lan handia egin dute maila pertsonalean, baina kolektiboaren mesedetan. Haien lan isilari esker hainbertze eskubide lortu eta bertze hainbertze bazterketa saihestu dira. Eguneroko bizitzako egoera batzuek botere desorekak sortu dituzte andreen eta gizonen artean, eta aunitzetan oharkabean pasatu edo normaltzat hartu dira. Garrantzitsua da memoria kolektibo uherretik ikastea: zer gertatu den entenditu, isiltasunari lekua kendu eta komunitate gisa errespetuan eta berdintasunean oinarritutako harremanak sustatu».
Berak egindako biografien artean, bi aipatu ditu: «1975eko fusilamenduak salatzeko emakumeen Pausuko mobilizazioa eta Elena Berazadi Larrea, euskalgintzan, herrigintzan eta euskal kulturan aritutakoa». Eta momentuan esku artean hauek ditu: «43 urtez Irungo AEKn ari den Idoia; 1609an, Bordeleko epaile zen Pierre de Lancrek aginduta, Lapurdiko epaiketa erraldoian erre zituzten 70 lagunetako bat, Nekato; Sarako Idazleen Biltzarrean saritutako Marikita Tambourini eta Anne Marie Lagarde…».
Irigoyenek «egin ditugun biografia guziekin, hala edo honela, baina hunkitu» direla uste du: «Zerbaitegatik aukeratu ditugu». Berak egindakoen artean, batzuk zerrendatu ditu: «Hanan Al Hroub irakasle palestinarra, indarkeria egoeretan bizi diren umeekin lanean ari dena; Halina Birenbaum judutarra Holokaustotik bizirik atera zena; Erresuma Batuko Helen Hester, filosofoa, ikerlaria eta xenofeminismoan ari den ekintzaile feminista.… Edo hurbilago etorrita, Maite Asensio kazetaria, Nerea Barjola Alcasserko emakumeen inguruko tesia egindakoa, Bilboko La Kora abesbatza feminista…».
Doneztebarrak «hiru lerro» ditu begiz joak: Batetik, literatura: «latin eta grekoko irakaslea naiz, eta literaturan emakumerik ez dela ageri ikusten badut, horretan hasten naiz». Bertzetik, «emakume feministak» eta «eremu digitala» aipatu ditu: «Digitalizazio eredu akritikoa dugu, multinazionalen esku, baina gero eta gehiago dira alternatibak sortu nahi dituztenak. Mugimendu horretan badira emakumeak, badira feministak, eta orain nire arreta ziberfeminismoak du. Emakume aunitz ari dira ekarpenak egiten eta hori ere bildu behar da Wikipedian».
«Bada lan handia eta abiatua den lan hori ezagutarazteko eta hobeki hornitzeko konplizeak biltzea garrantzitsua da»
Ana ERASUN, Wikiemakumeok
Konplize bila
Badakite itzalean dauden emakumeen zerrenda luzea dela oraindik, eta hortaz, genero arrakala digitala murriztu eta bidenabar, Interneten euskararen presentzia indartzeko, lanean segitzeko intentzioa dute. «Bada lan handia eta abiatua den lan hori ezagutarazteko eta hobeki hornitzeko konplizeak biltzea garrantzitsua da», erran du Erasunek. Irigoyenek «wikiemakumeon aniztasunaren» gainetik, denak arraunean alde berara ari direla azpimarratu du: «Denok dugu ardatz bera: hobetu, aitortza egin eta ongi ez dagoena salatu».
'Wikiemakumeok DOnK' dokumentalaWikipedian genero arrakala murrizteko lan egiten duen Wikiemakumeok taldearen inguruko dokumentala da Wikiemakumeok DOnK. 2023ko Zinebi jaialdian estreinatu zuten, eta geroztik, bazter aunitzetan zabaldu dute. Dokumentalak taldearen ibilbidea kontatzen du; kanta baten bitartez, sorreratik taldean izan ziren emakumeek egitasmoa nondik heldu den kontatzen dute, eta tartean ageri da Make Irigoyen. Interneten ikusten ahal da (sartu lotura honetan) eta Ana Erasunek ikusteko gonbita egin du: «Arrunt argigarria da eta merezi du». |


