Larunbat honetan Ezkurrako Herriko Ostatua inauguratuko dute

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 6a

Ezkurrako udal ordezkariak. Ezkerretik hasita, Bautista Mariezkurrena, Jaione Zabalo, Ana Mari Otxandorena eta Pello Zestau. Argazkian Jose Mari Gogortza zinegotzia falta da.

Hasiera batean, denda eta aisialdirako espazioa izanen da, eta gerora, besteak beste, taberna-ostatua ireki nahi dute.

«Herrian dagoen zerbitzu falta nabariari» erantzuteko asmoz sortu dute proiektua, «herritarrei oinarrizko zerbitzuak eskaintzeko», eta horrekin batera, baita «herriko bizitza soziala indartzeko eta herritarrentzat topagune bat sortzeko» ere. Horixe izanen du helburu larunbat honetan, maiatzaren 9an, inauguratuko duten Ezkurrako Herriko Ostatuak. Ez da ostatu soila izanen. Hasiera batean, «denda eta aisialdirako espazio» izateko egokitu dute, baina etorkizunera begira, «zerbitzu gehiago» aurreikusi dituzte, besteak beste, taberna-ostatua. Halaxe kontatu diote Ezkurrako Udaleko ordezkariek TTIPI-TTAPAri.

Laguntzarekin

«Herritik eta herriarentzat» sortu dute proiektua, eta «udalaren laguntzarekin eta herritarren inplikazioarekin» garatu dute. Udal ordezkarien arabera, «aspalditik genbiltzan ideiari bueltak ematen eta proiektua lantzen, baina argi dago finantzaketarik gabe ezinezkoa zela aurrera eramatea». Azkenean lortu dute, eta Cederna Garalur elkartea izan dute bidelagun: «Cederna Garalurren laguntza funtsezkoa izan da, bai kudeaketan, bai dirulaguntza lortzeko prozesuan. Haien bidez lortu dugu landa garapenerako laguntza, eta proiektua egin ahal izan dugu».

«Aspalditik genbiltzan ideiari bueltak ematen eta proiektua lantzen, baina argi dago finantzaketarik gabe ezinezkoa zela aurrera eramatea»

Ezkurrako udal ordezkariak

Taberna-ostatua bidean

Oraingoz, denda eta aisialdirako espazioa izanen da. Horretarako hainbat obra egin dituzte orain arte ludoteka deitu dioten tokian: «Barrualdea berritu dugu, instalazioak eguneratu eta erabilerarako baldintza egokiak sortu ditugu». Emaitzarekin kontent gelditu dira: «Barrenetik espazio atsegina eta funtzionala da, herritarrak eroso sentitzeko modukoa». 

Argitu dutenez, «ordutegi jakin batekin» zabalduko dute, baina «pixkanaka eskaintza zabaldu eta zerbitzu gehiago gehitzeko asmoa dugu, betiere herritarren beharretara egokituz». Begiz joa duten proiektu horietako bat taberna-ostatuarena da. Eta horretan ere ari dira. «Taberna-ostatua irekitzeko aukera ere aurreikusia dugu, eta horren inguruko baldintzak eta kudeaketa eredua lantzen ari gara, ahal bezain laster martxan paratzeko».

Inaugurazioa larunbatean

Herriko Ostatua izena paratu diote eta larunbatean inauguratuko dute.  Egun horretan nola gelditu den ikusteko aukera izanen da, baina bestelako hitzorduak ere prestatu dituzte irekiera borobiltzeko. 11:00etan irekiko dute lokala, Aitor Ibarra Jaliskoren laguntzarekin. 12:00etan Itziar Azpirozek kontzertua emanen du eta 14:00 aldera paella jatea eginen dute. 

«Herritarrek beharrezkoa ikusten zuten halako zerbitzua»

Ezkurrako udal ordezkariak

«Herria berpizteko tresna»

Udal ordezkariak sinetsita daude proiektua «herriko bizitza berpizteko tresna» izanen dela, beraien hitzetan, «oinarrizko zerbitzuak eskaini, harremanak sustatu eta herrian bizitzen segitzeko aukerak indartuko baititu». Eta kontua herritarrek «ilusioz eta baikortasunez» hartu dutela ikusita, «harrera ona» izatea espero dute; «herritarrek beharrezkoa ikusten baitzuten halako zerbitzua».

Hortik aparte, «proiektua denona» dela azpimarratu nahi izan dute, eta herritarrei «parte hartzeko, eta erabiltzen eta bizirik mantentzen laguntzeko» deia egin diete. Gehiago ere bai: «Egoera kezkagarria da. Herri ttiki asko zerbitzurik gabe gelditzen ari dira eta zerbitzurik gabe, herriak hustu egiten dira. Horregatik halako ekimenak ezinbestekoak dira landa eremua bizirik mantentzeko».

«Herri ttiki asko zerbitzurik gabe gelditzen ari dira eta zerbitzurik gabe, herriak hustu egiten dira»

Ezkurrako udal ordezkariak

Herritarrentzako mezuarekin batera, esker oneko hitzak izan dituzte: «Eskerrak eman nahi dizkiegu proiektuan parte hartu duten guztiei, bereziki laguntza eta bidea erraztu duten eragileei. Espero dugu denon artean ekimen hau denbora luzean mantentzea». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun