Malerrekan tratu onak sustatzeko bigarren saioa larunbat honetan eginen dute

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 6a

Argazkia: Freepik.

Malerrekako Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitateak, Osasun Etxeko profesionalek eta Askin Haur Eskolak Tratu On izeneko proiektua paratu dute martxan, haurtzarotik tratu ona bultzatzeko intentzioarekin. 

Bide horretan, familiei zuzendutako hainbat hitzordu antolatu dituzte eta lehenbizikoa apirilaren 18an egin zuten. Larunbat honetan, maiatzaren 9an, eginen dutena bigarrena izanen da. «Seme-alabekin sortzen diren gatazka egoeretan badakizu nola jokatu? Beraiekin negoziatzea autoritatea galtzea iruditzen zaizu? Zer eta nola negoziatu behar dugu?». Horixe izanen dute hizpide Angiru Psikomotrizitate Zentroko profesionalek gidatuko duten saioan.

Saioa Doneztebeko Osasun Etxean izanen da, 10:00etatik 11:30era, eta parte hartzeko aitzinetik izena eman behar da, 638 52 97 85 telefonoan. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun