Aurtizko Koianea Ttikiko pilota txapelketako finalistak erabaki dira

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 4a

Koianea Ttikiko pilota txapelketak ikusmina piztu du. Maiatzaren 16an jokatuko dituzte finala eta hirugarren posturako lehia.

Maiatzaren 16an Bereauk eta Elizaldek, Ilarregiren eta Iruritaren kontra jokatuko duten finalaren ondotik eginen den kantu bazkarirako txartelak salgai daude herriko hiru ostatuetan.

Aurtizko Koianea Ttikiko finalerdiak jokatu dituzte asteburu honetan. Zehazki, apirilaren 30ean, ortzegunean, Iker Bereauk eta Ugaitz Elizaldek 22-8 irabazi zieten Zubietari eta Agustini eta maiatzaren 1ean, ortzirale eguerdian, Ilarregik eta Iruritak 22-13 irabazi zieten Ansori eta Indari.

Finala maiatzaren 16an, kantu bazkari eta guzti

Beraz, maiatzaren 16ko finalean Bereauk eta Elizaldek, Ilarregiren eta Iruritaren kontra jokatuko dute. Finalaren aitzinetik hirugarren postua erabakitzeko partida jokatuko dute Zubietak eta Agustinek, Ansoren eta Indaren kontra. Txapelketari akabaila ederra emateko kantu bazkaria izanen da Andoni, Peio eta Mikel musikariekin eta dantza kantuan aritzeko aukera ere izanen da hilaren 16an. Akitzeko DJ Garirekin musika izanen dute. Txartelak Iturengo Herriko Ostatuan, Aurtizko Ostatuan eta tailerrean daude saltzeko, maiatzaren 14ra arte (helduek 40 euro eta haurrek 20 euro). Helduen menua: txorizoa sagardo erara, ganba egosiak, urdaiazpiko kroketak, entsalada epela gula eta ganbekin, legatza koskera eran, sorbetea, txerri azpizuna guarnizioarekin, tarta izozkiarekin eta kafea, kopa edo kubatarekin. Haurren menua: kroketak, txerri azpizuna guarnizioarekin eta postrea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun