Doneztebeko eskolako eta institutuko administrariaren lanpostua bermatzea eskatu dute

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 29a

Behin baino gehiagotan eskatu dute, baina hutsik segitzen du Doneztebeko San Miguel eskolako eta Mendaur institutuko administrariaren lanpostuak.

Bi ikastetxeei administrari lanak egiteko lanaldi oso bat eta erdi dagokie, baina otsailetik lanaldi osoa duen administraria bajan dago eta ez dute ordezkorik bidali. Egoerak kezka sortu du eta Hezkuntza Departamentuari ordezkapena lehenbailehen bermatzeko exijitu izan diote bai bi ikastetxeetako ordezkariek, bai gurasoek.

Institutuko guraso elkarteak, adibidez, administrariaren hutsunea «egunerokoan zailtasun handiak» eragiten ari dela salatu du, «bai familiei, bai ikasleei, baita irakasleei ere». Azpimarratu duenez, «administrazio zerbitzua ezinbestekoa da ikastetxearen jarduera egokia bermatzeko, eta haren gabeziak ondorio nabarmenak ditu: tramiteak gibelatzen dira, informazioa hartzea zailtzen da, eta familiek ezin dituzte beharrezko gestioak modu egokian egin». Horregatik eskatu du «administrazioaren ordezkapena lehenbailehen bermatzeko neurriak hartzea» eta «etorkizunean antzeko egoerak saihesteko aurreikuspenak eta planifikazioa azaltzea».

Ernesto Dominguez eskolako zuzendariak ere ate aunitz jo dituela baieztatu du, baina hala ere, lanpostuak hutsik segitzen duela kritikatu du: «Lanpostua lehenbailehen betetzeko eskatzen dugu. Deialdiak maizago egin beharko lituzkete. Kalitatezko zerbitzu publikoa nahi badugu, giza baliabideak behar dira».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun