Gotzon Garate zenaren adiskideen hitzordua izanen dute maiatzaren 1ean Elgorriagan eta Donezteben

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 29a

Gotzon Garateren lagunak iaz Tuteran egin zuten topaketan. Aurten Malerreka aukeratu dute eta Elgorriagan eta Donezteben ibiliko dira maiatzaren 1ean.

Gotzon Garate idazlea urte aunitzez ibili zen Euskal Herriko zazpi herrialdeetako baserrietan, sekula frantsesa eta gaztelania ikasi ez zutenekin solasean. Horren bueltan, 1996an, bere lagunak biltzen hasi ziren, eta geroztik, Euskal Herriko hainbertze txokotan egin dituzte biltzarrak, baita Garate hil ondotik ere. Iaz Tuteran egin zuten eta aurten, lehen bilkuratik 30 urtera, Doneztebe aukeratu dute, eta maiatzaren 1ean egin dute hitzordua.

Egitarauari dagokionez, maiatzaren 1ean, ortziralean, 11:00etan Elgorriagako Euskal Artzainak Ameriketan Museoa bisitatuko dute, Laura Iantziren laguntzarekin. 12:30ean Meza izanen dute Elgorriagako elizan eta Maite Goizueta Iabenek Euskal artzainak Ameriketan solasaldia enanen du. 14:30ean bazkaria izanen dute Doneztebeko Santamaria jatetxean eta, ohiturari eutsiz, bazkalondoan kantatuko dute.

Gotzon Garateren lagunak bertze topaketa batean.

Gotzon Garate

Gotzon Garate Goihartzun 1934an jaio zen Elgoibarren eta 2008an hil zen Bilbon. Idazle ez ezik, jesuita, filosofoa, filologoa, hizkuntzalaria eta irakasle izan zen eta bederatzi hizkuntza menperatzen zituen. Euskal eleberri beltzaren aintzindaria izan zen, Elizondoko eskutitzak, Goizuetako ezkongabeak eta Nafarroako Ezkurran eleberriarekin. Jon Bidart detektibearen sortzaile izan zen. Baina fikzioaz gain, Erdarakadak eta Atsotitzak bildu zituen (14.458 euskal esaera zahar bildu zituen).

Euskal Herriko zazpi lurraldetan barne ibili zen, gaztelania eta frantsesa ikasi ez zuten euskaldunekin mintzatzen, euskararen altxorrak galdu baino lehen. Tartean, Arizkunen, Goizuetan, Amaiurren, Sunbillan eta bertze zenbait herrietako baserrietan ibili zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun