Garaipen garbia lortu dute Utergak eta Agirrezabalak Udaberriko Erremonte Txapelketako bigarren jardunaldian

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 27a

Xanti Uterga doneztebarrak eta Agirrezabalak partida bikaina jokatu zuten ortziralean Uharten eta garaipen garbia lortu zuten.

Euskal Jai Berri Erremonte Fundazioak antolatutako Udaberriko Erremonte Profesionaleko Txapelketa-Microlan Aerospace Sari Nagusiko bigarren jardunaldia jokatu zuten ortziralean Uharteko Toki Alai pilotalekuan. Xanti Uterga doneztebarrak eta Agirrezabalak 35-24 irabazi zieten Zeberio II.ari eta David Mitxeo doneztebarrari.

Lehenbiziko tantoa gorriek egin baldin bazuten ere, beti aitzinetik ibili ziren urdinak eta tanto alderik handiena bukaeran lortu zuten. Utergak 18 tanto egin zituen, bikain aritu zen eta pilotarik galdu ez zuen Arrizabalagak 10 eta bederatzina Zeberiok eta Mitxeok.

Aitzinetik, jaialdiko lehen partidan, Koteto Ezkurra III.a doneztebarrak eta Xuban Ilarregi oiztarrak 30-24 irabazi zieten Osesi eta Baztani.

 

Maiatzaren 2an Iruritako Aranabian

Udaberriko Erremonte Profesionaleko Txapelketako hirugarren jardunaldia maiatzaren 2an jokatuko dute Iruritako Aranabia pilotalekuan. Txapelketako partidan, orain arte jokatu den partida galdu duten Zeberio II.a eta David Mitxeo doneztebarra eta Eloy Otxandorena doneztebarra eta Barricart izanen dira aurrez aurre.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun