Egunerokoan idatziz hurbildu zen literaturara Itziar Agirre Sagaseta donamariarra. Egunerokoan idatziriko testu horiei poesia forma ematen hasi zen eta berriki, Orain zuk honekin egin nahi duzuna lanarekin Donostia Kultura Poesia Lehiaketa irabazi du. Ekainean argitaratuko dute lehiaketan saritutako poema sorta liburuan. Poesian bakarrik ez, bertsotan ere ibiltzen da donamariarra. Iruñeko Bertxhori sariketan parte hartu du aurten eta sariketa irabazi hurrengo goizean elkartu da TTIPI-TTAPArekin literaturaz eta poesiaz mintzatzeko.
Donostia Kultura Poesia Lehiaketa irabazi berri duzu. Nola hartu duzu berria?
Horrelako berriak beti hartzen dira sorpresaz. Egia da lan honek, aitzinetik aurkeztu ditudanekin konparatuta, bazuela zentzu bat osotasunean, landuagoa zela bilduma guztiaren gai orokorra, ez zela poema sueltoen bilduma soila eta idazterakoan ere ordu gehiago egon naizela. Baina sorpresa izan da, ez nuen espero.
'Orain zuk honekin egin nahi duzuna' obra aurkeztu duzu sariketan. Nola deskribatuko zenuke obra hori?
Ez dakit nola deskribatu. Egia da gai orokor bat badela poema guztiak lotzen dituena: denbora eta denborak sortzen dizkigun krisiak. Horrekin lotutako hausnarketa aunitz daude eta hori da dena lotzen duen haria. Hala ere, badira hainbat gai: gorputza, herria, herriekiko nostalgia eta ezinegona… Denetarik dago.
«Gaur egun nire poesiak helburu argiagoa du eta hori aunitz gustatzen zait»
Nolakoa izan da lana sortzeko prozesua?
Beti gustatu izan zait lehiaketen formatua; helburu batekin idaztea. Barrenak husteaz aparte, idazteko helburu bat edo presio puntu ttiki bat ematen dizulako. Behartzen zaitu buelta pare bat ematera, ez bakarrik poemei, baizik eta bilduma guztiari. Alde horretatik, nahiko motibatua egon naiz helburu jakin bat nuelako eta horrek beti laguntzen duelako noraezean ez ibiltzeko. Denetarik izan dut eta idazteko orduan, segurtasun falta aunitz ere bai bertze idazleekin konparatzen duzulako zuere burua eta… Orokorrean nahiko motibatua aritu naiz.
Literatura eta poesia lan bakartitzat hartzen dira aunitzetan. Zuk ere horrela bizi duzu?
Bai. Poemak bakardadean idaztea eta lantzea gustatzen zait. Baina nik uste bizitzan gauza gutti egiten ditugula bakardadean. Inspiratu nauten gauza aunitz ez dira bizipen propioak bakarrik, hurbileko jendearenak dira, hurbileko jendeak biziarazten dizkidanak: nire herria, ingurua… Idazten ari naizen bitartean, ez naiz bertze pertsona batekin egon, baina ez da nik bakarrik egindako zerbait izan.
Idazle batzuek lanak argitaratu aitzinetik ingurukoei bidaltzeko ohitura izaten dute. Zuk ere baduzu zure lanak partekatzeko ohitura hori?
Lagunekin eta, partekatu izan ditut. Aunitzetan denok konpartitzen ditugun hausnarketak eta dudak izaten dira, eta beraiekin partekatu izan ditut. Amari ere noizbehinka pasatzen dizkiot, berak erakutsitako hitzen bat edo baldin badute poemek. Ez dut aholkuak eskatzeko elkarbanatzen, gehiago izaten da idatzitakoa partekatzeko gogoa izaten dudalako lagunekin.
Sariketara aurkezteko sortu zenuen lana, edo aitzinetik izan zenuen zerbait sortzeko bulkada?
Beti idazten ditut poemak horretarako egiazko behar bat sortzen zaidanean. Banuen poema bilduma bat elkarrekin gordea. Sariketak helburu bat ematen dizu lan hori osatzeko. Aitzinetik poema aunitz idatziak zeuden eta loturak bazeuden, baina poemak elkarrekin josteko lehiaketa izateak aunitz lagundu dit.
«Poemak beti idazten ditut horretarako egiazko behar bat sortzen zaidanean»
Poemak behar batetik sortzen dituzula aipatu duzu. Barrenak husteko beharra izaten da?
Gehienetan bai. Aunitzetan hitza ezin paratu ibiltzen naiz sentitzen ditudan gauzei. Egunerokoaren edo poemen bidez idazten hasten naiz eta hitzez erran ezin dudan zerbait poema batean metafora batekin edo istorio batekin erraten dut. Dezente laguntzen dit horretan.
Noiz ailegatu zen poesia zure bizitzara?
Zehazki ez dakit. Hamasei urte nituenean, egunerokoan idaztearen harira hasi nintzen idatzitako hausnarketa batzuei itxura eta forma ematen, eta hor hasi nintzen poesia leitzen. Ez nekien ongi zen zer poesia eta beharbada oraindik ere ez dakit.
Izan duzu erreferenterik literaturan eta poesian?
Ez dut erreferente argirik. Denboraldika doan zerbait da. Hasieran ez nuen poesia aunitz leitzen eta letren munduko erreferenteak musika taldeak ziren: betiko kanta zaharren idazleak, euskal herriko talde famatuenak, talde berrienak… Ez zait pertsona konkretu bat okurritzen.
Zure egunerokoan zenbateko pisua du literaturak gaur egun? Eguneroko jarduna da edo beharra sentitzen duzuenean egiten duzun zerbait?
Nahiko nukeena baino presentzia ttikiagoa du. Denboraldika doa. Orain nahiko lanpetua nago eta ez dut asti handirik. Beharretik ateratzen den zerbait izaten da. Batez ere idaztearena. Leitzekoa konstanteagoa izaten ahal da, baina idaztearena ez dut sobera bortxatzen.
«Ez dakit zein helbururekin baina hemendik aitzinera idazten segituko dut seguru»
2022an, Egile Berrientzako XXXII. Literatura Lehiaketan aipamen berezia hartu zenuen. Urte hauetan aldatu da literatura ulertzeko eta sortzeko duzun modua?
Bai. Ulertzekoa bai, zenbat eta gehiago leitu orduan eta gehiago disfrutatzen duzulako. Poesiarekin pasatzen den gauza bat da jendeak erraten duela ez duela ulertzen. Noski, normala da. Leitzera ohitu behar duzu eta geroz eta gehiago leitu, geroz eta gusturago hartuko duzu poesia liburu bat.
Eta idazterakoan?
Aldatu den gauza printzipala da zergatik idazten dudan. Lehen poema bat idazten nuen soinu eta hitz politak zituelako, edo ongi gelditzen zelako, eta bidenabar, barrenak husteko. Orain zer kontatu nahi dudan pentsatu eta hori botatzen dut. Helburu argiago bat du, eta hori aunitz gustatzen zait.
Zure poesiak helburu argiago bat duela aipatu duzu. Helburu estetikoa, poetikoa edo politikoa bilatzen duzu zure poemen bitartez?
Denetarik. Poemaren arabera. Batzuetan, hagitz intentsu sentitzen duzun zerbait da, eta behar duzuna hori botatzea da. Formari eta estiloari begiratu beharrean inportanteena mezua da. Bertze batzuetan, irakurleengana ailegatzeko modurik hoberena itxura da. Poemaren arabera eta erran nahi duenaren arabera aunitz aldatzen da.
Saritutako poema sorta liburuan publikatuko dute ekainean. Zer sentiarazten dizu zure poemak liburuan argitaratuko direla jakiteak?
Bertigo puntu bat ematen dit. Idazten dugun jende gehienak intimitatean idazten dugu, eta tarteka, jendearekin partekatu. Bertigo puntu bat eta beldurra sentitzen ditut: ez ote naizen sobera biluztu, jendeak nola hartuko duen… Ilusio handia ere badut. Liburuan bukaerako emaitza ageri da eta kontent gelditzeko modukoa da.
«Poesiak gai bat landu, hausnartu eta ontzeko denbora eta aukera ematen dizkit»
Horrelako sariketak poesia lanak argitaratu ahal izateko beharrezkoak direla iruditzen zaizu?
Bai. Nire esperientzia pertsonala dut, eta ez dut bertze inorena ezagutzen. Baina beti aipatzen da poesia munduak ez duela horrelako publiko zabala eta ez dela horren errentagarria. Beharrezkoa ez dakit den, baina arrunt lagungarriak dira horrelako sariketak. Alde batetik, zaila delako publikatzea, eta bertze alde batetik, mundu honetan pixka bat sartzeko motibatzeko balio dutelako. Zuk ez duzu uste inor zarenik, ez duzu zeure burua idazletzat hartzen eta lehiaketa batera aurkeztea idazle izateko eta publikatzeko pauso bat da.
Poesia lantzen segitu nahiko zenuke?
Uste dut baietz. Nire bizitzan nahiko presente dagoen zerbait da idaztea, eta poesia idaztea nahiko erraz ateratzen zait. Idazten segitzeko asmoa badut. Horrekin zer eginen dudan ez dakit, baina idazten segituko dut seguru.
Poesian ez ezik, bertsotan ere aritzen zara. Antzekotasunak dituzte poesiak eta bertsoak.
Bai. Bertsotan orain dela arrunt gutti hasia naiz. Nire kasuan gauza diferenteak ematen dizkit diziplina bakoitzak. Antzekoak dira, beti da hitzekin jostetan aritzea, hitzak lantzea, hizkuntzaren bueltan ibiltzea… Baina poesiak ematen dit gai bat landu, hausnartu, eta ontzeko denbora eta aukera. Bertsotan inprobisatua denez, umorera jotzen dut gehiago. Nire adierazteko modu hori bi alorretan banatzen dut, gauza diferenteak adierazteko.