Berria Txapelketako finalerako pilotak aukeratu dituzte

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 22a

Azpiroz, Arluziaga, Goikoetxea VI.a eta Josetxo Ezkurra II.a doneztebarra, Berria txapelketaren finalerako aukeratu dituzten pilotekin. Argazkia: Maialen Andres

Apirilaren 25ean, larunbatean 16:30ean hasiko den jaialdian jokatuko den Berria Txapelketaren finaleko zortzi pilotak aukeratu zituzten astearte arratsaldean finalistek Galarretan. Josetxo Ezkurra II. doneztebarra eta Goikoetxea VI.a izan ziren lehenak materiala bereizten eta lau pilota biziak aukeratu zituzten. 124 gramo, bik 126 gramo eta 127 gramo pisatu zituzten.

Pilota biziak aukeratu dituzte Ezkurra II.ak eta Goikoetxeak eta mota guztietakoak Arluziagak eta Azpirozek

Gero, Arluziagaren eta Azpirozen txanda izan da eta hauek mota guztietako pilotak izanen dituzte finalean. Bik 127 gramo eta bertze bik 128 gramo pisatu dituzte. Urdinen pilotak ez dira ez oso biziak, ezta geldoak ere. 

Berria txapelketako finala larunbatean 16:30ean Galarretan hasiko den jaialdiko bigarren partida izanen da. Aitzinetik, Aldabe eta Barrenetxea IV.a, Ansa II.aren eta Larrañagaren kontra ariko dira. Hirugarren partidan, azkenik, Imanol de Rueda Martixpa doneztebarra eta Aritz Juanenea saldiastarra, Segurolaren eta Aiestaran VI.aren kontra ariko dira.

Jaialdiko finalerako sarrerak oriamendi.eus webgunean eskura daitezke.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun