Mikel Mikelarena oiztarrak eta Ionek irabazi dute Udaberriko Erremonte Txapelketako lehen partida

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 20a

Ion, Mikel Mikelarena oiztarra, Barricart eta Eloi Otxandorena doneztebarra, erdian Garrido epailea dutela, larunbatean Zubirin. Urdinak 31-35 nagusitu ziren.

Euskal Jai Berri Erremonte Fundazioak antolatutako Udaberriko Erremonte Profesionaleko Txapelketa-Microlan Aerospace Sari Nagusiko lehen jardunaldia jokatu dute larunbat honetan Zubirin. Mikel Mikelarena oiztarrak eta Ionek 35-31 irabazi zieten Eloi Otxandorena doneztebarrari eta Barricarti.

35-31 irabazi zieten lau hilabeteren ondotik kantxetara bueltatu den Eloi Otxandorena doneztebarrari eta Barricarti

Otxandorenak lau hilabete zituen jokatu ezinik, besoko minez, baina galdu arren, partida bikaina jokatu zuen eta 21 tanto egin zituen. Halere, Barricartek ez zion sobera lagundu eta Mikelarena eta Ion gehiago izan ziren bikote moduan. Ia beti aitzinetik izan ziren, hamar tantoko aldearekin (13-23, 15-25, 16-26, 17-27, 20-30 eta 21-31), baita hamaika tantokoa ere (21-32). Azken txanpan, ordea, estutu egin zuten Otxandorenak eta Barricartek eta, 10-2ko partzialarekin, hiru tantora hurbildu ziren, baina azkenean 31-35 nagusitu ziren urdinak.

Jaialdiko lehen partidan, Matxin III.ak eta Xuban Ilarregi oiztarrak 30-22 irabazi zieten Jon Sagaseta iruritarrari eta Agirrezabalari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun