«Euskara ikasteko denbora eta toki egokia bilatu ditut Ezkurran»

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 18a

Lara Daana Fotea bere familiarekin.

Lara DAANA FOTEA valentziarra da sortzez, baina orain Ezkurran bizi da eta euskara ikasten hasi da. 

Nor da Lara Daane Fortea?

Pertsona umila eta kuriosoa naiz. Ingeleseko irakaslea, lau ahizpetan hirugarrena, Neoren ama eta ikasteko, erakusteko eta hazten segitzeko gogo handia duena.

Ezkurran bizi den valentziarra edo Valentzian sortutako ezkurrarra?

Galdera ona. Nire ama Valentziakoa da eta aita Trinidad eta Tobagokoa. Catarrojan (Valentzia) hazi nintzen, eta Belgikan, Donostian eta Bartzelonan bizi izan naiz, eta orain Ezkurran. Baina, dudarik gabe, nire sustraiak Valentzian daude eta nire etxea, orain, Ezkurran dago.

Ze afizio dituzu?

Leitzea, puzzleak egitea, mendian paseatzea, yoga egitea eta bidaiatzea gustatzen zait.

Zer ekarriko zenuke Valentziatik?

Argitasuna, laranja loreen usaina, hortxata artisaua eta amaiera ikusgarriak dituzten su artifizialak.

Eta Euskal Herritik Valentziara zer eramanen zenuke?

Mendietako kolore berdea, tximinia usaina eta udan tapatuta lo egin ahal izatea. Hori Valentzian ezinezkoa da.

Euskara ikasten ari omen zara...

Bai, Donostiara bizitzera joan nintzenetik hori nuen buruan; Orain, Ezkurran, azkenean denbora eta toki egokia bilatu ditut. Semearen eskolan euskaraz ez dakiten gurasoentzako klaseak ematen dituzte. Egunerokoan euskaraz moldatzeko maila hartzeko dira klaseak, oinarrizkoena ikasteko aukera ematen dute.

Zer moduz moldatzen zara? 

Oraindik hasiberria naiz, baina Sonia nire irakasleak dena bikain esplikatzen du eta oso eskola dinamikoak egiten ditu. Onartu behar dut nahiko hizkuntza konplikatua iruditzen zaidala, hitzek ez baitute deus ikustekorik gaztelaniarekin edo ingelesarekin. Euskaratik gehien gustatzen zaidana, berriz, hitz batzuk literalki itzulitakoan duten esanahia da, baita hitz horiek duten soinua ere.

Ze esanen zenieke gaztelaniaz aritzen diren euskaldunei?

Pena dela ez erabiltzea, hizkuntza bakarra eta zoragarria baita. Baina, aldi berean, entenditzen ditut, batzuetan inguruagatik edo ohituragatik gaztelaniara jotzeko joera dago.

Ezkurran ohikoak dira paellak, herri bazkarietan edo ospakizunetan. Valentziakoak bezain onak dira?

Valentziatik kanpo ere arroz bikaina egiten ahal da, baina paella autentikoa egitea oso zaila da. Hemengo produktuak kalitate handikoak dira, baina paellak teknika eta denbora oso zehatzak ditu. Gainera, Valentziako amona guziek esaten duten bezala, sekretua ura da. Kanpoan probatu ditudan paellak valentziarrok maitasunez «arroza gauzekin» deitzen diegunak izan dira. Onak dira, baina ez dira gauza bera.

Mendia edo plaia?

Dudarik gabe, plaia. Baina zorionez, hemen, berdez inguratutako plaia zoragarriak dituzue. Behin baino gehiagotan egin ditugu egun berean mendirako eta plaiarako planak.

Nora bidaiatuko zenuke?

Toki askotara! Euskal Herrian oraindik deskubritu gabeko txoko asko ditut.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun