[ARGAZKIAK] Apiril hasierako lehen bi asteburuak aski emankorrak izan dira Iturenen

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 15a

Apiril hasierako lehen bi asteburuetan besta giro ederra izan da herrian. Apirilaren 4an egun pasa berezia antolatu zuten, Ittuna Goierri konekxion. Bertan, Ituren-Aurtizko eta Beasain-Ordiziako herritarrak elkar ezagutzeko aitzakiarekin ekitaldi ugari egin ziren. Elkarren arteko Herri kirol-Gran Prix jokoa izan zuten, umorez betetako probekin. Behin proba akituta, Udane Perurena herriko harri jasotzaile gazteak erakustaldi ederra eskaini zuen, lau harri altxatuz. Gero bazkaria izan zuten Herriko Ostatuan. Bazkal ondotik, Irati eta Ekiñe trikitilariekin dantzan eta kantuan gustura aritu ziren.

Ordizia-Beasaingo gazteak ezagutzeko jokoak izan zituzten lehen asteburuan eta gazteen asteburua bigarrenean

Bigarren asteburuan, Ittungo gazte asteburuan, ekitaldi arrakastatsuak antolatu zituzten. Apirilaren 10ean, ortzirale ilunabarrean, talo jatearen bueltan herritar ugari bildu zen eta bingo eta mus txapelketak izan zituzten. Biharamunean, berriz, larunbat goizean goiz abiatuta mendi itzuli ederra antolatuta zuten, herriko mendietan egindako ibilbidearekin. Kuadrilla polita animatu zen, adin guztietako herritarrak. Eguerdian, gaztaren pisua asmatzeko lehiaketa eta poteoa egin zuten. Herrian antolatzen diren bertso bazkari guzietan bezala, honetan ere herritar ugari animatu zen. 90-100 lagun inguru elkartu ziren herriko etxeko ganbaran egindako bazkarian, Sustrai Colina eta Xabat Ilarregi bertsolariekin. Arratsalde ederra pasa zuten bertsoak entzuten eta trikitilariekin dantzan eta kantuan. Asteburuari akabaila ederra eman zioten, batzuk gaupasa eginez, DJ Endara goizeko ordu ttikiak arte aritu baitzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun