‘Eguneroko legez’ film laburra Zubietan ere errodatua izan da

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 9a

Zubietako kale nagusia, zubia eta markesina ageri dira 'Eguneroko legez' filman.

Julen Duhauk idatzi eta zuzendutako Eguneroko legez film laburrak Malerrekarekin ere badu lotura. Izan ere, lanaren zati bat Zubietan grabatu zuten, herriko hainbat txoko pantailara eramanez. Azaroaren amaieran, lantaldea Malerrekako hainbat herritan ibili zen kokaleku egokien bila. Hasiera batean Ezkurra izan zen aukeretako bat, baina, azkenean, errodatzea Zubietan egitea erabaki zuten. Grabazioa urtarrilaren 31n eta otsailaren 1ean egin zuten.

Julen Duhauk zuzendutako film laburraren estreinaldia apirilaren 20an izango da Bilbon

Eguneroko legez film laburrak lau emakumeren egunerokoa du ardatz: lanera bidean autobus berean elkartzen dira goizero, eta hamar minutuko ibilbide laburrean elkarrizketa xumeek, isiluneek eta keinu txikiek garrantzi berezia hartzen dute. Istorioak eguneroko bizitzan sortzen diren harreman eta bizipen txikiei erreparatzen die, besteak beste zaintza, bakardadea edo lan baldintzak bezalako gaiak modu sotilean jorratuz.

Filmaren istorioaren zati handiena autobus barruan gertatzen bada ere, hasierako eszenak herri giroan kokatzen dira. Horietan, Zubietako kale nagusia, zubia eta markesina ageri dira, eta litekeena da herritar askok kokalekuak berehala ezagutzea.

Ekoiztetxetik, gainera, eskerrak eman nahi izan dizkiete Zubietako Udalari eta Ezkurrako Udalari, prozesua errazteagatik eta emandako laguntzagatik.

Eguneroko legez film laburraren estreinaldia apirilaren 20an izango da Bilbon, eta ondoren beste hainbat tokitan aurkezteko asmoa dute sortzaileek. Horien artean, Malerrekara bertara gerturatzea ere gustatuko litzaieke, film laburra tokian bertan erakusteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun