Gaueko txandan eta N-121-A errepidean zebilen patruila batek, «bi bidaiarirekin eta Alacanten matrikulatuta zegoen ibilgailu susmagarri bati gelditzeko agindua eman zion. Itxuraz autoak gelditzeko imintzioa egin zuen baina, bat-batean, foruzainak hurbiltzean, ihesari eman zion». Hala, Foruzaingoaren patruilak «Sunbillaraino segitu zion gibeletik, eta herriko irteeran, gizon bat autotik jautsi zen lasterka, haxix tabletaz eta marihuana poltsaz betetako maleta handi bat lurrean utzita». Gertaera horren kontakizunean zehazten denez, «bi iheslarien bila hasi ziren foruzainak, bai errekaren ertzetatik, bai Bide Berdetik, eta, hala, Donezteberaino iritsi ziren. Han, parkeetako batean gazteetako bat aurkitu zuten agente gehiagok lagunduta, baina berriz ihes egin zuen lasterka».
Handik gutira, «patruila batek autoa herriko plaza batean aurkitu zuen, abandonatua, eta zaintza dispositibo bat ezarri zuten, ihes egindakoen bila segitzen zuten bitartean. Iruñetik etorritako agenteek lagunduta, eta gau osoko bilaketaren ondotik, bi gizonak, 23 eta 21 urtekoak, aurkitu zituzten Doneztebe inguruan, arropa bustiekin, eta droga trafikoko delitu bat egotzita atxilotu egin zituzten. Maletetan 49 kg. haxix eta 7 kg. marihuana konfiskatu zizkieten». Atxilotuak agintari judizialen esku utzi ondotik, «epaileak bi gazteak espetxeratzea agindu du».
Goizeko txandan zebilen patruila batek bertze lau pertsona atxilotu ditu kokaina eta 12.000 euro atzeman ondotik
Oraingo honetan, N-121-A errepideko ohiko kontrol batean, Baztango komisariako foruzainek bistara hiru bidaiari zituen furgoneta bat gelditu zuten. Oharrean zehazten denez, «miaketa egiterakoan, furgonetaren gibeleko aldean, kuxinen artean etzanda, laugarren gizon bat agertu zen. Denak urduri eta iheskor zeuden, eta haietako batek hauts zurizko poltsa bat bota zuen kanpora. Bidaiarietako bati egindako miaketan, poltsikoan 2.000 euro aurkitu zizkioten 20 euroko billetetan, eta bertze bati hainbat marihuana dosi. Ibilgailuaren ikuskapen zorrotzagoa egiterakoan, bertze patruila baten laguntzarekin, motxila batean ezkutatuta, 10.000 euro dirutan eta kokaina itxura zuen hautsezko substantzia baten 175 gramo» atzeman zituzten. Horiek horrela, lau bidaiariak atxilotu zituzten delitu beragatik (droga trafikoa).
Arratsaldeko txandan zegoen hirugarren patruila batek bertze gazte bat atxilotu du eta 207 gramo speed konfiskatu dizkio
Azkenik, abiadura handian zebilen ibilgailu bat geldiarazi zuten arratsaldeko txandan zeuden patruilako foruzainek. «Matrikula kontsultatzean, gidariak hainbat aurrekari zituela ikusi zuten. Geldiarazi ondotik, gazteak zuen historiaren jakitun zirela eta momentu hartan nabari zitzaion urduritasuna ikusita, miaketa hasi zuten eta autoaren maletategian plastikozko poltsa bat aurkitu zioten, eta barnean 207 gramo speed».