Udaberritze Egun ederra izan dute Elgorriagan

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 8a

Elgorriagako gazteek antolatuta, joan den larunbatean Udaberritze Eguna ospatu zuten Elgorriagan. 

Argazkiak eta testua: Xabi Olazar eta Iratxe Otxandorena. 

Larunbatean, apirilaren 4an, Udaberritze Egunari hasiera emateko, eguerdian Elizondoko eta Etxarriko lau mutilek parkour erakustaldia egin zuten. Gainera, herriko jendeak ere parte hartzeko eta praktikatzeko aukera izan zuen. Parkourrarekin gosea egin ondotik, 85 lagun elkartu ziren frontoian egin zen herri bazkarian. Bazkalondotik, eguraldia bikaina zela probestuz, mojitoak dastatzeko aukera izan zuten bildutakoek, eta 18:00etan Matraka Elektrotxarangak giroa alaitu eta jende pila bildu zuen.

Egunari bukaera emateko, xingar pintxoak prestatu zituzten afaltzeko eta ostatuko musikarekin segitu zuen besta egiten jendeak. Elgorriagako gazteek egun ederra antolatu zuten eta ekitaldi guztietan bezala, herritarren laguntza ezinbertzekoa izan zen. «Eskerrik asko guztioi!».

Bertzalde, asteburua (eta Aste Santua) borobiltzeko, Elgorriagako Guraso Elkarteak igandean talo jatea antolatu zuen eta 200 arto opil baino gehiago saldu zituzten. Seguru bakarren bati larunbateko bestondoarekin lagundu ziola!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun