Martxoaren 28a egun seinalatua izanen da Imanol de Rueda Goñi ‘Martixpe’ erremontistarentzat (Doneztebe, 1997). Larunbatean Hernaniko Galarretan jokatutako jaialdiko lehen partidan Oriamendirekin debuta egin zuen profesionaletan eta garaipenarekin gainera. Goikoetxea VI.a izan zuen bizkartzain gibeleko koadroetan eta bi jokoak irabazi zizkieten Aiestaran VII.ari eta debuta egiten zuen Ugarte II.a zarauztarrari (15-14 eta 15-2).
Lehenengo jokoa ezin berdinduagoa izan zen, joko ona ikusi zen eta eguneko joko onena izan zen. Hamalaunakoan azken tantoa gorrien alde erori zen, lau erremontistek bikain jokatu eta gero.
Bigarren jokoa, aldiz, kontrakoa izan zen. Gorriek 15-2 irabazi zuten. Urdinak beheiti etorri ziren Martixperen kolpearen eta Goikoetxearen sakearen aurrean.
Berria txapelketako bi partida ondotik: Jabaleraren eta Juanenearen azken aukera
Martixperen debuteko partidaren ondotik, Berria txapelketako bertze bi partida jokatu zituzten Galarretan, Malerrekako bertze bi erremontistaren etorkizuna jokoan. Hain zuzen, lehen jardunaldiko galtzaileen adarreko partidak izan ziren eta, beraz, partida hau ere galdu duten bikoteek txapelketatik kanpo gelditu dira. Jaialdiko bigarren partidan, Segurolak eta Aldabek bi jokoan irabazi zizkieten Aimar Jabalera doneztebar eta Aiestaran VI.ari (15-7 eta 15-8) eta hirugarrenean, Arluziaga eta Aritz Juanenea saldiastarrak 1-2 galdu dute Susperregiren eta Larrañagaren kontra (11-15, 15-7 eta 3-8).