Aspaldiko egoerarik hoberena dute Saldiasko eskolan

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 28a

Saldiasko eskolako ikasleak eta irakasleak ikasturte honetan estreinatu duten erabilera anitzeko gelan.

Saldiasko eskola berritua eta bertako eguneroko martxa bertatik bertara ikusi nahi izan ditu TTIPI-TTAPAk. Iñigo Zubeldia Telletxea alkatearekin, Leire Mariezkurrena Perotxena eskolako zuzendariarekin eta Aintzane Leiza Sarasola gurasoarekin mintzatu da

Gutxi falta da goizeko bederatziak jotzeko, eta batzuk kotxean etorri dira eskolara, beste batzuk oinez gurasoei eskua emanda, atautxi-amatxiekin besteak, edo bakarrik. Kanpoan aritu dira kontu kontari, bai helduak, bai motxila bizkarrean duten neska-mutikoak, eta irakasleek harrera egin dietenean sartu dira barrenera. Halaxe hasi dute eguna Saldiasko Otsonta eskolan. 

Aspaldiko talderik handiena dute: hamasei ikasle eta hiru irakasle. Ez hori bakarrik: eskolak itxura berria du, udalak apustu handia egin duelako. Iñigo Zubeldia Telletxea alkateak esplikatu duenez, «eraikina handitu eta erabilera anitzeko gela sortu dugu. Psikomotrizitate gelarako, bikoizketak egiteko, liburutegiko txoko moduan edo antzerki eta bestelako jaialdietarako erabiltzen dute». Horixe da eskolara sartuta lehenbiziko txokoa. Hurrengo atea pasatuta, ezkerrean irakasleen gela, eskuinean komunak eta erdian pasilloa. «Galdara eraikinetik kanpora aterata, irakasleentzako gela sortu dugu». Hurrengo geldialdian Haur Hezkuntzako ikasleen txokoa dago, eta segidan, Lehen Hezkuntzakoen gela. Eta teilatua ere berritu dute, «teilarekin ordezkatu dugu lehengo txapazkoa». Itxura polita hartu du eskolak kanpotik zein barrenetik.

Udalaren inbertsioa

1984an eraiki zuten Otsontako eskola. Ordura arte, Herriko Etxeko areto batean ematen zituzten eskolak. 40 urte baino gehiago pasatu ondotik berritu dute: «Obra guztiz beharrezkoa zen bai familientzat bai irakasleentzat. Jendea herrian gelditzeko edo herrira etortzeko, ezinbestekoa da kalitatezko eskola duina eta erakargarria izatea. Saldiasko eskola herriaren bihotza da. 125 biztanleko herri batean eskola izatea pribilegioa eta aldi berean ardura da».

«Herrian eskola izatea pribilegioa da»

Iñigo ZUBELDIA, Saldiasko alkatea

147.379,09 euro kosta zaizkie lanak eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren babes ekonomikorik gabe egin dute dena, gobernuaren Toki Inbertsio Planaren Determinazio Libreko Programatik hartutako laguntza horretara bideratuta: «Determinazio libreko dirulaguntza nahi den obretan gastatzeko izaten da, baina, Hezkuntza Departamentutik deus ailegatzen ez zela ikusita, dirulaguntza hori eskolarako gordetzea erabaki zuen udalak aurreko agintaldian». Horri esker egin ahal izan dute. «Dirulaguntza gure obrara egokitu beharrean, obra dirulaguntzara egokitu behar izan dugu». Hala ere, obra akitu dutenetik, «isolamendurako 40.000 euroko dirulaguntza» hartu dute 2030 Agenda izeneko programatik. Horren harira, esker oneko hitzak izan ditu Zubeldiak Cederna Garalur elkartearentzat, «dirulaguntza kudeatzen laguntzeagatik», eta Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuari ere eskertu dio. Hezkuntza Departamentuari, berriz, eskaria: «Herri ttikietako eskola bakoitzak dituen beharrak serioski kontuan hartzeko». Komuna da berritu gabe gelditu zaien txoko bakarra: «Komunak apropos utzi genituen egin gabe, urtero dirulaguntzak izaten direlako. Baina aurten ez…». 

Iñigo Zubeldia Telletxea Saldiasko alkatea da.

Ikasle kopurua goiti

Urte gutxiren barrenean, eskolarik gabe gelditu dira Saldias inguratzen duten herriak; konparazio batera, Eratsunen 2011n itxi zuten, eta Beintza-Labaienen 2019an. Saldiasko alkatearen irudiko, eskola ixtea «pena handia» da: «Ez da hezkuntza erabaki bat bakarrik; herriaren etorkizunari eragiten dion erabakia da. Landa eremuan, eskola ixteak despopulazioa bizkortu dezake». Hortaz, administrazioei «eskola ttikien balioa kontuan hartzeko eta babesa emateko» eskatu die. 

Iritzi berekoa da Leire Mariezkurrena Perotxena Saldiasko eskolako zuzendaria: «Eskola ttiki bat ixtea herri baten bihotza ixtea ere bada neurri batean. Saldias bezalako herri batean, eskola funtsezko zerbitzua da, komunitatea bizirik mantentzeko giltza». Haren hitzetan, «ikasle faltagatik edo kontzentrazio politikengatik eskola ixteak despopulazioa areagotu dezake. Eskola ez da soilik hezkuntza gunea; kohesio sozialerako eta hizkuntza eta kultur transmisio espazio estrategiakoa ere bada».

Otsontako eskolako ikasle zaharrenak lanean.

Eskolan diren hamasei ikasle horietako hiruren gurasoa da Aintzane Leiza Sarasola: «Zaharrenak 9 urte ditu eta laugarren mailan dago, erdikoak 7 urte eta lehenbiziko mailan dago eta ttikienak 3 urte ditu eta Haur Hezkuntzako gelan dago». Hirurak «eskolara oso gustura» joaten direla aipatu du amak: «Bigarren familia bat sortzen da eskolan. Lehen Hezkuntzako ikasle guztiak elkarrekin daude eta Haur Hezkuntzakoak ere bai. Berezia da sortzen den giroa». Eta eskola ixteko kontua solasbidera ekarrita, familien ikuspegia erakutsi du Leizak: «Familia bakoitzak bere seme-alabak eskolaratzeko orduan, ahal duena eta ahal duen bezala egiten du. Baliteke herriko eskola nahiago izatea, baina agian ordutegiagatik, jantoki zerbitzuagatik edo beste arrazoiren batengatik, ezin dute herrian matrikulatu eta eskola handiago batera eramatea tokatu zaie. Pena da herrietako eskolak ixten ari direlako, baina Hezkuntza Departamentuak ere eskola ttikiak ez dituela ongi zaintzen esanen nuke». 

«Eskola bizirik dago, nahiz eta landa eremuko eskolen ohiko erronkak izan».

Leire MARIEZKURRENA, Saldiasko eskolako zuzendaria

Saldiasen ere izan dira bestelako garaiak. 2006-2007ko ikasturtean, adibidez, hiru ikasle izan ziren. «Baina ondoko urteetako aurreikuspenak hobeak zirela esanez, herria eta familiak mugitu ziren, eta administrazioaren babesarekin, aurrera egin zuen», kontatu du alkateak. Gaur egun, «sendo» dago. Eta datuak dira horren erakusle: hamasei ikasle dira  eta heldu den ikasturtean, hogei izanen dira. Azken 25 urteotako daturik hoberenak dira, eta bada pozteko arrazoi nahikoa. Zuzendariak «eskola bizirik eta martxa onean» ikusten du, «nahiz eta landa eremuko eskolen ohiko erronkak izan: ikasle kopuru ttikia eta despopulazio arriskua». Alkateak, berriz, «gure herriaren neurrirako egitura egokia eta orekatua» dela dio, eta bide horretan, «bertako familiek eskolaren alde egindako apustu eta eginahal handia» txalotu ditu. 

Leire Mariezkurrena Perotxena Saldiasko eskolako zuzendaria. 

Jardunaldi jarraitua

Jardunaldi jarraitua dute Otsontako eskolan. Mariezkurrenak argitu duenez, «2023-2024ko ikasturtetik. Guraso guziek hala nahi zuten, eta oro har balorazioa positiboa da. Alde batetik, ikasleen erritmoak hobeki errespetatzeko aukera ematen du: goizean kontzentrazio handiagoa izaten dute eta arratsaldea atseden hartzeko, familiarekin egoteko eta eskolaz kanpoko jardueretarako erabil dezakete. Horrek, kasu askotan, nekea murriztu eta ongizatea handitu du. Bestetik, antolaketa aldetik, erraztasunak ekarri ditu, bai familientzat, bai irakasleentzat. Denbora banaketa argiagoa da, eta arratsaldeko lan saioak edo koordinazioak errazago antola daitezke». Hala ere,  «jardunaldi jarraituaren esperientzia egokia» izan bada ere, ordutegi aldaketatik haratago, «eredua ikasleen ongizatea eta hezkuntza kalitatea erdigunean jarriz baloratu beharrekoa» dela dio Mariezkurrenak.

Otsontako eskolako 1., 2. eta 3. mailako ikasleak lanean.

Bestalde, Ituren, Sunbilla, Narbarte eta Legasako eskolekin duten elkarlanaz ere aritu da: «Horri esker ekintza asko ateratzen ditugu aurrera; bakarrik ezin izanen genuke».

Aintzane Leiza Sarasola Saldiasko eskolako gurasoa da. 

Eskola ttikien alde onak

Eskola ttikien aldekoak dira hirurak. Mariezkurrenak «abantaila asko» ikusten dizkie. Hasteko, «arreta pertsonalizatua» eskaintzen dutela azpimarratu du, «ikasle bakoitzaren behar eta erritmoetara egokituz». Gehiago ere bai: «Adin aniztasunak elkarlana eta ikasketa kooperatiboa sustatzen ditu, ikasleen arteko laguntza eta errespetua indartuz». Irakasle eta ikasleen arteko «harreman estua» ere gehitu du, «konfiantzan eta hurbiltasunean oinarritua». Ez hori bakarrik: «Komunitatearekiko lotura zuzena dute, inguruko eragileen eta familien parte hartzea erraztuz. Eta azkenik, ingurune naturala aprobetxatzeko aukera dute». Eskolan txertatu duten Montessori metodoa ere nabarmendu nahi izan du: «Montessori ikuspegiarekin aukera horiek gehiago indartzen dira: autonomia, manipulazioa, erritmo propioa errespetatzea eta ikaskuntza esanguratsua sustatzen direlako. Gurasoak oso kontent daude eta haurrak ere bai». Beraz, «eskola ttikiak ez dira arazo bat; kontrara, aukera paregabea dira». 

«Eskola ttikiek abantaila asko dituzte»

Leire MARIEZKURRENA, Saldiasko eskolako zuzendaria

Uste berekoa da Zubeldia: «Eskola ttikiak aukera dira, ez zama. Egunero errepidean ordu eta erdi pasa beharrik ez izatea, umeentzako duina da. Ikasketa aldetik, ttikiak eta handiak elkarrekin egoteak ttikiei ikasteko bidea ematen die. Gainera, ingurune naturalaren hurbiltasunak ikaskuntza aberasten du, eta euskararen zein kulturaren transmisio zuzena naturalki bermatzen da». 

«Eskola ttikiak zaintzea garrantzitsua da»

Aintzane LEIZA, Saldiasko eskolako gurasoa

Leizak ere bide beretik jo du: «Eskola ttikiek hurbiltasuna sortzen dute ikasleen eta irakasleen, eta familien eta irakasleen artean; adin askotako ikasleak gela berean daude eta jakintza partekatzeko aukerak aberastasuna ematen dio ikaskuntzari». Ofizioz eskola ttiki bateko irakaslea ere bada, eta eskola ttikien «xarma berezia» goraipatu du. Gehiago ere bai: «Herria bizirik mantentzen dute. Herri ttiki hauetan zerbitzu publiko askorik ez dagoenez, eskolek herrian gelditzeko eta bertan familia sortzeko indarra ematen die. Ikasleek beraien eskola dela sentitzen dute». Herri ttikietako eskolak «herriarekin oso lotuta» daudela ere esan du, eta bidenabar, «eskola ttikiak zaintzearen garrantzia» azpimarratu du.

Haur Hezkuntzako gelan hartutako irudia. 

Eskolaren etorkizuna

Eta etorkizunari begira zer? Leizak desio du «seme ttikienak Lehen Hezkuntza Saldiasen akitzea» eta «eskola urte luzez irekia ikustea», baina, «epe motzean ikasleen beherakada» izanen dela sumatzen du. Zubeldiaren arabera, «eskolaren etorkizuna ziurtatua da beste hamar urtez, behintzat». Hortik aurrera, «duda eta kezka. Zer pasatuko da hamar urteren buruan?». 

«Eskola urte luzez irekia ikusi nahi nuke»

Aintzane LEIZA, Saldiasko eskolako gurasoa

Erronkak hartu dituzte hizpide, eta, besteak beste, despopulazioari aurre egitea aipatu. Baina ez dute atea itxi: «Landa ingurunearen balioa gero eta gehiago aitortzen da. Montessori bezalako metodologien bidez, eskola erakargarri eta berritzaile bihurtzeko aukera dugu. Komunitatearen kohesioa eta euskararen indarra oinarri sendoak dira etorkizunari begira», adierazi du zuzendariak. Eta alkateak oroitarazi du «gaur egun, nola bizi garen ikusita, gero eta gehiago baloratzen direla herri giroa, bizimodua eta hurbiltasuna». Honela gaineratu du zuzendariak: «Saldiasko eskola ez da hezkuntza zentro bat bakarrik; herriaren biziraupenaren eta identitatearen parte da. Landa eremuko eskolek balio estrategikoa dute, eta hezkuntza pertsonalizatu, komunitario eta jasangarri baten eredua izan daitezke».  

«Eskola herriak bizirauteko funtsezko da»

Iñigo ZUBELDIA, Saldiasko alkatea

Alkateak argi du: «Udalak eskola babesten segituko du, herriaren etorkizuna delako,  herriaren biziraupenerako funtsezko zerbitzua. Haurren presentziak mugimendua, ilusioa eta etorkizuna adierazten ditu eta, eskolarik gabe, herri baten etorkizuna asko mugatzen da. Eskolak bizia ematen dio herriari».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun