Askin haur eskolan bideratutako inkesta batean tratu onari buruzko kezka eta jakin mina identifikatu zituzten, eta horren harira sortu dute proiektua Malerrekako Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitateak, Osasun Etxeko profesionalek eta Askin haur eskolak. «Gaur egun daramagun presazko bizitzarekin, sarritan konplexua izaten da gure arteko harremanak eta tratu moduak behar diren bezalakoak izatea», azaldu dute sustatzaileek.
Proiektuaren helburua haurtzarotik tratu ona bultzatzea da, osasun emozionala sustatzeko modu gisa. Taldeak garrantzia eman nahi dio bertze eragile batzuen parte hartzeari, sinergiak sortzeko eta tratu onaren ikuspegitik eredu sozialak sustatzeko, komunitatean lan eginez, haurtzaroan duen garrantzia eta eragina azpimarratuz.
Helburu horiek lortzeko hainbat ekimen antolatuko ditu lantaldeak: tailerrak, materialen sorrera, kanpainak... Lehendabiziko tailerra apirilaren 18an izanen da, eta Angiru psikomotrizitate zentroko profesionalek zuzenduko dute. Lau saioetan haurren emozioen ulermenean murgilduko dira, eta helburua horiek nola ulertu ikastea izanen da, baita nola egon, nola lagundu eta nola akonpainatu ere.
Borzgarren saioan, osasuna landuko dute, eta lehen sorospenei eta pantailen erabilera egokiari buruz solastatuko dira.
Saio denak osasun etxean izanen dira, eta izena emateko Whatsapp bidez mezu bat bidali beharko da 638 52 97 85 telefonoz zenbakira.