Martixpe erremontista doneztebarrak profesionaletan debuta eginen du larunbatean Galarretan

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 26a

Imanol de Rueda Goñi 'Martixpe' aurrelari doneztebarra profesionaletan debuta eginen du Galarretan larunbateko jaialdiko lehen partidan.

Martxoaren 28a egun seinalatua izamen da Imanol de Rueda Goñi ‘Martixpe’ erremontistarentzat (Doneztebe, 1997). Larunbatean 16:30ean Hernaniko Galarretan jokatuko den jaialdiko lehen partidan Oriamendirekin debuta eginen du profesionaletan. Goikoetxea VI.a izanen du bizkartzain gibeleko koadroetan eta Aiestaran VII.a eta Ugarte II.a zarauztarra (bertze debutari bat) arerio.

Berria txapelketako bi partida ondotik: Jabaleraren eta Juanenearen azken aukera

Martixperen debuteko partidaren ondotik, Berria txapelketako bertze bi partida jokatuko dituzte. Hain zuzen, lehen jardunaldiko galtzaileen adarreko partidak izanen dira eta, beraz, partida hau ere galtzen duten bikoteek txapelketatik kanpo geldituko dira. Jaialdiko bigarren partidan, Segurola eta Aldabe, Aimar Jabalera doneztebarraren eta Aiestaran VI.aren kontra ariko dira eta hirugarrenean, Arluziaga eta Artz Juanenea saldiastarra, Susperregiren eta Larrañagaren kontra.

Jaialdiko sarrerak eros daitezke www.oriamendi.eus webgunean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun