Niko Mindegia doneztebarrak Bidasoa Irun eskubaloi taldean jokatuko du datorren denboraldian

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 20a

Niko Mindegia (Bidasoa Irun taldeko kamisetarekin) eta Txomin Mindegia bere aita, Bidasoak fitxaketaren berri emateko zabaldu duen argazki batean.

Urtebeteko kontratua sinatu du eta ilusioz hartu du doneztebarra, «betidanin izan dut Bidasoan jokatzeko gogoa eta orain iritsi da momentua»

Bidasoa Irun Kirol Elkarteak akordioa lortu du Niko Mindegia Doneztebeko jokalariarekin, 2026/2027 denboraldirako taldera batzeko. Niko Mindegia (Doneztebe, 1988ko uztailaren 19a) 1,84 metroko erdikoa da, eta Bidasoako taldeari «talentua, jokoaren ikuspegia eta taldearen gidaritzan esperientzia» emango dizkiola adierazi du Irungo klubak berria ematerakoan. Mindegiak ibilbide sendoa egin du Europako eskubaloian, bertzeak bertze Orlen Wisla Plock, Pick Szeged eta Toulouse bezalako taldeetan arituta; «nabarmentzekoa da bere antolaketa-gaitasuna eta jokoaren bi faseetan erakusten duen konpromisoa».

Klubaren ustez, balio estrategiko handiko fitxaketa da, «Bidasoaren filosofiaren eta balioen ildotik doana; izan ere, bere esperientziak eta lidergo gaitasunak aukera taktiko berriak eta sendotasuna ekarriko dituzte taldearentzat funtsezkoa den postu batean».
Doneztebeko lehen lerroko jokalaria «kantxan duen adimen taktikoagatik nabarmentzen da. Elitean eskarmentu handia izanik, erdikoak gidatzeko gaitasuna, jokoaren irakurketa eta jaurtiketan eraginkortasuna uztartzen ditu; ezaugarri horiek bere ibilbidean erreferente bihurtu dute bere postuan».
Bertzalde, Niko Mindegia kontent agertu da Bidasoaren proiektura batzeagatik: «Ilusio handiko fitxaketa da; izan ere, betidanik izan dut Bidasoan jokatzeko gogoa eta orain iritsi da momentua. Fisikoki ongi nago, badakidalako hemen egotea erantzukizun handia dela, klub handia delako; eta hemengoak garenok aunitz maite dugu Bidasoa. Nire burua fisikoki ondo ikusten dut hemen aritzeko», adierazi du jokalari doneztebarrak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun