Doneztebeko kanporaketan eskualdeko bertsolariak ariko dira kantuan, eta antolatzaileek azaldu dutenez bortz edo sei bertsolari gazte ariko dira kantuan. Saioa 18:30ean izanen da Doneztebeko Herrigunean. Ordu berean Iruñean ere jokatuko dute kanporaketa Nafarroako Bertsozale elkartearen egoitzan.
Finala apirilaren 17an jokatuko dute Leitzan, eta finalerako sailkatuko dira bi kanporaketetan egitekoa osatzen duten bertsolari denak. Nafarroako finaleko lehen bi sailkatuek, aldiz, ekainean Arantzan eginen den Euskal Herriko finalean kantatzeko txartela lortuko dute.
Txapelketan izena eman nahi dutenek oraindik ere aukera dute. Galdetegi hau beteta egin daiteke izen ematea eta bihar izanen da azken eguna.
Kanporaketako eta finaleko lanak
Sailkapen saioetan honakoa izanen da bertsolariek egin beharreko lana:
- Lau oinak emanda bina bertso osatu.
- Koplatan gai orokorra emanda 10 minutu osatu arte.
- Bukaera emanda bertso bana osatu.
Finalak, aldiz, bi fase izanen ditu:
Lehenengo fasean bertsolari guztiak arituko dira, eta honako hau da egin beharko duten lana:
- Lau oinak emanda bertso bana osatu.
- Bukaera emanda bertso bana osatu.
- Hitza gaitzat hartua bertso bana osatu.
- Gai orokorra emanda, gehienez 5 puntuko bertso bana osatu.
Ondoren, bigarren fasera sailkatutako bertsolariek honako lan hauek egin beharko dituzte:
- Zortziko txikian, ofizioka, bina bertso.
- Ganbarako lana:
- Puntu bati erantzunez bertso bat.
- Gaia emanda bertso bat.