Malerrekako eta Bertizaranako Berdintasun Planari begira herritarren iritzia biltzen hasi dira

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 10a

Martxoaren 3an Donezteben egin zuten saioko irudia. Argazkia: Maite Elizondo.

Berdintasun planean herritarren ekarpenak biltzeko intentzioarekin galdetegia zabaldu du berdintasun zerbitzuak. 

Malerrekako eta Bertizaranako Berdintasun Plana diseinatzeko asmoz, lanean ari dira. Lehenbiziko saioa martxoaren 3an Donezteben egin zuten mahai ingurua izan zen. Hasteko, Nerea Zazpe Doneztebeko zinegotzi eta Malerrekako Berdintasun Batzordeko lehendakariak bildutakoei harrera egin zien. Ondotik, Maite Elizondo berdintasun teknikariak eta prozesuan bidelagun izanen den Elhuyarreko Joxepa Bornaetxeak hartu zuten hitza, eta haiek bideratu zuten saioa, baita 2024an egindako Malerrekako Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzko Diagnostikoaren ondorioak aipatu ere.

Bildutakoei zalantzak eta helburuak idazteko gonbita ere egin zieten, eta Nagore Huegun eta Eider Perez de Heredia Bortzirietako eta Baztango berdintasun teknikariak izan ziren galderak argitzen aritu zirenak. Horrez gain, beraien testigantzak kontatu zituzten. Hitzordura hurbildu zirenek ere parte hartu zuten, eta berdintasun teknikariak balorazio ona egin du.

Galdetegia

Hurrengo pausoa galdetegia da, «jendearen interesak, kezkak eta lehentasunak bilduz», berdintasun planean herritarren ekarpenak biltzeko intentzioarekin egina. Galdetegia aste honetan zabaldu dute eta lotura honetan sartuta erantzuten ahal da. Martxoaren 29ra arte izanen da horretarako aukera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun